«Ezin dizkigute kendu Jainkoak aitortu dizkigun eskubideak»

Emakume musulmanen hezkuntza jasotzeko eskubidea aldarrikatu du Samadik; herrialdez herrialde egoera nabarmen aldatzen dela dio.

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Islama eta emakumea izeneko hitzaldia egin zuen Hajar Samadi Bidayak, Euskal Herriko Emakume Musulmanen elkarteko presidenteak, Gasteizko Islama Ezagutzen jardunaldien barruan, astearte iluntzean. Mendebaldeko herrietan, islamari buruz aritzean, munduko 1.200 milioi musulmanak talde bakartzat hartzen direla esan zuen, eta oker hori bera egiten dela emakume musulmanez hitz egitean. Eibarren (Gipuzkoa) bizi da, eta 24 urte ditu.

Nola egiten zaio aurre Mendebaldeko gizartearen homogeneizazioari?

Erlijioari gehiago eusten diogu geure burua kokatzeko. Erlijioaren erreferentzietara jotzen dugu, Koranera eta Sunnara.

Zein da emakumearen rola erreferentzia horietan?

Hainbat rol ditu, baina, oinarrian, emakume musulmanak gizartean duen garrantzia gizonarena bezalakoa da. Eskubideak eta beharrak dituzte biek, eta gizona eta emakumea osagarriak dira islamaren barnean.

Zein da, oro har, emakumezko musulmanen egoera gaur egun.

Ez da esaten den bezain dramatikoa. Kontraesanak egon badaude eta Mendebaldeko herriek kontraesanak baliatu dituzte ideiak nahasteko. Erreferentzietan oinarrituta, emakume musulmanaren nortasuna indartu behar da. Ezin dizkigute kendu Jainkoak aitortu dizkigun eskubideak.

Zeintzuk dira eskubide horiek?

Asko dira. Hezkuntza jasotzeko eskubidea dago, adibidez; eta ezin da emakume bat nahi ez duenarekin ezkontzera behartu. Hori arrazoitzen duen oinarri islamikorik ez dago.

Ez du ematen pozik zaudenik Mendebaldeko herrietan ematen den islamaren irudiarekin...

Maltzurkeria dago, jakin badakitelako islama ez dela aurkezten dituzten arazo batzuen erruduna, baina horrela aurkezten dute.

Emakumeari al dagozkio sortutako arazo horietako batzuk?

Emakume musulmana tresna bezala erabili izan dute. Otzana dela saldu da, eta gizon baten pean dagoela. Mendebaldeko herrialdeek horrela erakutsi gaituzte telebistan, filmetan...

Islamak gauza batzuk agindu arren, zergatik sarri askotan ez daude bete-betean ezarrita herrialde musulmanetan?

Boterea lortzeko lehia dagoen heinean islamaren erreferentzietatik aldendu ziren agintariak. Horrez gain islamaren aurreko ohitura batzuk aldatzea prozesu luzea da. Arabiako penintsulan, islamaren aurretik, emakumeak oinordetu egiten ziren, eta, islamarekin, oinordetza hartzen hasi ziren, adibidez.

Tradizio islamikoa duten herrialdeetan atzerapausoak gertatu al dira?

Gizarteak aldatzen dira denboraren joanarekin, baita gizakien rolak ere. Islama ingurunera egokitzeko eta gogoeta egiteko ohitura galdu da. Analfabetismoa, pobrezia... Arazo horiengatik eztabaida baztertu da.

Nola eragin du horrek emakumeengan?

Emakume musulmana jasoa zen, azkarra, eta gizartearen alor guztietan parte hartzen zuen: politikoan, ekonomikoan, militarrean... Emakumearen presentziak atzera egin du, herrialdeen arabera egoera ezberdina den arren. Iranen, unibertsitateko ikasleen %60 emakumeak dira. Ordea, Marokon, familia eremura dauka mugatua bere rola.

Emakumeen eskubideen alde lan egiten duten emakume musulmanen korronte bat dago. Deigarria da erlijioa eta feminismoa uztartzea.

Feminismo ateoaren ikuspuntutik bitxia da, baina feminista, musulmanek feminista eta erlijiosoa izateko aukera badagoela diote. Ordea, emakume musulman horien aldarrikapena ez da eskubideak eskuratzea, baizik eta islamak aitortzen dizkien eskubideak berreskuratzea.

Emakume musulmanen eskubideei buruzko eztabaida orokortu al da Mendebaldeko gizarteetan?

Buruko zapiaz ari bazara, bai. Marokon dudan familiari bitxia gertatzen zaio auzi hori, gaiarekin tematuta baitago jendea. Ordea, lelo politikoak dituzten elastikoak, edota futbol taldeen elastikoak janzten ditu jendeak, gatazka iturri izan daitezkeen arren.

Zapiarekin tematu, baina beste gai asko ez direla aipatzen azaldu duzu hitzaldian; sexualitatea, esaterako.

Islamak alor horretan ekarpen izugarriak egin ditzake. Al Andalusen, islamaren urrezko aroan, sexua ez zen tabua. Agerian utzi behar dira aipatzen ez diren gai horiek, agian bertatik elkar ezagutzeko aukera dagoelako.

Topikoak gainditze aldera, zer egin beharko luke emakumezko musulmanak?

Bere burua ezagutarazi. Bere helburuen berri ematean, munduko beste emakumeen modukoa dela ikusten denean, hobeto joango zaigu guztioi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.