Atzo goizean hasi ziren epaitzen Segi gazte erakundeko kide izatea egozten dieten 36 gazte, Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan. 2009ko azaroaren 24ko sarekadan atxilotu zituzten gehienak —Lapurdin, Madrilen epaile aurrera deklaratzera joanda, eta Erroman gainontzekoak—, eta seina urteko espetxera zigortzeko eskatu du fiskalak, 2007an Segi "erakunde terrorista" izendatu zutela eta.
Bigarren saioa egin dute, 10:00etatik 15:00etara. Aretotik zuzeneko kontakizuna egin dute atzo eta gaur Oihana Elduaien eta Hodei Iruretagoiena BERRIAko kazetariek. Hamarrek deklaratu zuten atzo, eta hamalauk gaur; lau ez dira epaiketara agertu, eta, beraz, falta diren hamabiek deklaratuko dute bihar, 10:00etatik aurrera.
Aitor Liguerzanaren deklarazioarekin ekin diote gaurko saioari. Liguerzanak ukatu egin du Poliziak eginiko galdeketetan eginiko deklarazioa, eta torturak salatu ditu. Zaramagan presoen aldeko batzarrean aritzen zela esan du, Gazte Asanbladan ez: "Gazte Asanbladak urrun geratzen zitzaizkidan 32 urterekin", esan dio epaileari. Segi-ren bideo eta lburuxkak atzeman zizkiotela-eta, azaldu du "kalean, kontzertuetan, tabernetan..." eskuragarri zeudela.
Bateragune auzikoen atxiloketak salatzeko manifestazioan pankarta eramatea da Bittor Gonzalezen aurkako frogetako bat; hark azaldu duenez, LABen ziharduen lanean garai hartan, eta sindikatua izan zen martxaren deitzaileetako bat. ETAren Zutabeak topatu zituzten haren etxean, eta, adierazi duenez, era guztietako agerkariak biltzen zituen; Zutabe horiek mobilizazioetan eskuratu zituela gaineratu du.
Euken Villasantek defendatu du "jarduera politiko eta erabat publikoak egitea" leporatzen diotela. Hark ere torturak salatu ditu: "Nire bizitzako egunik txarrenak pasatu nituen. Lau tortura egun". Segi-ren legez kanporatzearen aurkako elkarretaratzeetara joan izanaz galdetu dio AVTk Mikel Eskirozi; hark erantzun du Segi "talde terrorista" deklaratzearen kontra zegoelako joan zen elkarretaratzera: "Horrek gazteak indiskriminatuki atxilotzea eta epaitzea ekar lezakeela uste nuen. Horixe da hau ere". Ikasle Abertzaleetako militantziaz ere galdekatu dute.
Mikel Aiestaranek hartu du hitza ondoren. Gazte Asanbladan aritzen zela azaldu du, eta herria "bizirik" mantentzea zutela helburu. Kontzertuak, kirol txapelketak, hitzaldiak eta abar antolatzen zituztela esan du. Bere anaiaren omenaldi ekitaldi bateko argazki baten inguruan galdetu diote —Ertzaintzarekin liskarra izan ostean hil zen Remi Aiestaran, bere anaia—, eta baita Manex Castroren argazki baten inguruan ere. Castro eta bera txikitako lagunak eta lagun talde berekoak direla adierazi du. Xumai Matxainek epaiketa bera kritikatuz hasi du deklarazioa: "Iruditzen zait lekuz kanpo dagoela garai hauetan honelako epaiketak egitea". Torturak salatu ditu, azalduz pistolak aterata mehatxu egin ziotela atxiloketan. Poliziek nahi zutena esan ezean "istripuren" bat gerta zitekeela esan zioten, epaimahaiari jakinarazi dionez.
Aritz Lopez Ugartek denbora gutxi eman du hizketan. "Ez nago ados akusazioarekin, jarduera politikoagatik epaitzen ari baitzarete", esan du, eta epailearen aurrean eginiko deklarazioa berretsi du. Asier Coloma Hendaian atxilotu zuten, "torturen beldur" zelako joan baitzen Hendaiara. Bizitza publikoa egiten zuen bertan: "politikoki eta sozialki pertsona konprometitua naiz. Hemen dauden guztiak jarduera politikoagatik gaude". Halaber, salatu du Altsasuko adierazpenetik zortzi egunetara atxilotu zituztela, "ezker abertzalearen bide berria eten nahian". Fase politikoaren argipena txostena dago haren aurkako frogen artean; "260.000 deskarga izan zituen", argudiatu du Colomak.
Poliziaren eta epailearen aurrean egindako deklarazioak mehatxupean egin zituela esan du Eñaut Aiartzaguenak, eta haren jarduna publikoa zela gaineratu du: "Jarduera politiko eta publikoa izan dut. Inoiz ez dut ezer egin ezkutuan". Deklarazioa buruz ikastera behartu zutela salatu du, eta horretarako mehatxuak erabili zituztela azaldu: "Kolpeak, mehatxuak, astinduak... familiarekin mehatxu egiten zidaten, amarekin, arrebarekin..". Jipoia jaso izana salatu du Mikel Totorikak: "Komisarian hasi ziren jipoiak. Etengabeak izan ziren hortik aurrera". Espetxean egin zuen salaketa jartzeko kontaketa, auzi medikuak ubelduen argazkiak egin eta gero.
Nahaia Aguadok azaldu du egoera politiko eta sozialak eramanda jarduera publikoa egin duela 17-18 urte zituenetik, eta tratu txarrak salatu ditu hark ere: "Lau egunetan tortura eta tratu txarrak eman zizkidaten". Hori horrela, Poliziaren aurrean deklaratutakoa ez dela egiazkoa esan du.
Xabier De la Mazak oroitu du futbolean jokatu eta lagunekin afaltzera zihoala lurrera bota eta atxilotuta eraman zutela. Jasotako tratua deskribatu du: "Madrilera eraman ninduten, aurpegia estalita. Bidaia osoa galdeketa bat izan zen, mehatxuka, golpeka...". "Gehiago ezin nuen. Neure buruaren kontrako adierazpenak egin nituen", erantsi du. Haritz Petralandak urduri hasi du deklarazioa, eta negarrez hasi da poliziek emandako tratua gogoratzean: "Autoa gelditu oihuka hasi, bere atea ireki, pala aterako zutela esan zuten. Ni ez nintzen pertsona ere".
Ibai Esteibarlandak nabarmendu du "militantzia politikoagatik" ari direla gazteak epaitzen, eta azaldu du beti aritu izan dela mugimendu sozial eta politikoetan. Hark ere torturen berri eman du: "Lurrera botatzen ninduten, ostikoak, golpeak, astinduak, ileko txurroetatik tiraka, postura behartua". "Birrindu" egin zuten: "Une batean beraiek derrigortutakoa deklaratu nuen".
Atzo, lehen hamarrak
Atzo, Ainara Bakedanok, Jon Andak, Jon Zirizak, Gaizka Likonak, Olatz Izagirrek, Ion Telleriak, Aitziber Arrietak, Garazi Rodriguezek, Maialen Elduak eta Eihar Egañak deklaratu zuten Manuela Fernandez de Prado epailearen aurrean —Ramon Saez Valcarcelek eta Nicolas Povedak osatzen dute epaimahaia—. Militantzia politikoa aldarrikatu, eta torturak salatu zituzten auzipetuek.
Goizane Pinedo, Unai Ruiz, Irati Mujika eta Idoia Iragorri ez ziren epaiketara aurkeztu, bideo batean adierazi zutenez, ez diotelako eurak epaitzeko zilegitasunik onartzen Auzitegi Nazionalari.