Ezinak jotakoen jagoletzan

Hurkoa fundazioak 20 urte bete berri ditu, beren buruaren jabe ez diren erien zaintza eta tutoretza xede hartuta

arantxa iraola
Donostia
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Ahulenekin dihardu Hurkoa fundazioak, beren buruaren jabe izan ezin diren pertsonekin. Adinaren ondorioz burua galtzen hasi diren andra-gizonekin dihardu, guztiz galdu dutenekin, buruko gaitzek jotako eriekin. Pertsona horien senideei informazioa eskaintzen die, eta, premiazkoa denean, haien gaineko tutoretza bere gain hartzen du. Caritas-Gipuzkoaren barruko erakundea da, eta Gipuzkoan dihardu. 20 urte bete berri ditu. Urteotan 1.500 lagunen tutoretza edo zaintza hartu du bere gain, eta 2.200 familiatik gora aholkatu ditu. Zenbaki horien atzean dagoen xedea beti bera dela dio Hurkoako presidente Jose Luis de la Cuestak: «Adin handia eta buruko gaitzak dituzten pertsonen babes judizial eta tutoretza da jomuga, ahulezia, dependentzia eta babesgabetasun egoeran daudenean eta, batez ere, familiaren sostengurik ez dutenean».

Tutoretza eztabaidagai: legeriaren erreforma eta gaitasunen balorazioa jardunaldia antolatu zuen atzo Donostian Hurkoak. Arlo juridikoa aztertu zuten lehendabiziko zatian; osasun arlokoa, bigarrengoan. Bi zatiak arrunt garrantzitsuak dira ezgaitasunekin lotutako tutoretzen eremuan: epaileen esku egoten da tutoretzak ematea, eta medikuen txostenak ezinbestekoak izaten dira prozesu horretan. Espainiako Gobernuak alor honetan egin asmo dituen lege aldaketak aztertu zituzten, eta eskari bat agerian utzi zuten: «Espezializatutako epaitegiak behar dira».

Donostiako 6. Epaitegiko magistratu Aurora Elosegik, propio,ezgaitasunekin lotutako tutoretzen auziak ebazten ditu, baina topaketan onartu zuen, tamalez, ez dela soilik egiteko horretara zuzendutako epailea: «Beste hamaika egiteko ere baditut; boluntarismo hutsean oinarritzen da hau». Espezializazioa aldarrikatu zuen: «Beste hainbat alorretan egin dira epaitegi espezializatuak: genero indarkeria lantzeko, merkataritzaren alorrerako... Honetarako zergatik ez? Tentuz lantzeko alorra da».

Hizlarien artean, Gipuzkoan gaitasun gabetzeen gaien gaineko ardura duen fiskala mintzatu zen, David Mayor. Praktikan, eguneroko jardunean, sarri ikusten ditu tutoretzekin lotutako auziak. Korapiloz jositakoak izaten dira sarritan. «Normalean familiako norbaitek hartzen du ezgaituaren tutoretza, lehentasuna haiek izaten dute, eta legeak haiei egiten die dei aurrena». Seniderik edo gertukorik ez dagoenean, ordea, edo ardura hori hartzeko asmorik edo modurik ez dutenean, Hurkoaren gisako erakundeek hartzen dute pertsona ezgaituaren tutoretza.«Ematen duena baino gehiagotan gertatzen da hori. Familiak gero eta txikoagoak dira, eta senideen prestutasuna ere urriagoa».

Autonomia

Gaitasun gabetzea sarri ez da izaten osoa, eta pertsonatik pertsonara alde handia egoten da, gainera. Zenbait erik arazoak izaten dituzte, esaterako, diru kontuak eramateko, baina beste hainbat egitekotan bikain moldatzen dira. «Hargatik, tutoretzak neurrikoa izan behar du, pertsona bakoitzak duen gaitasun gabetzearen araberakoa», azaldu du Mayorrek.

Legeak, garai batean, gaitasun gabetze osoak ematen zituela dio, bizi osorakoak eta erabatekoak. Egun, finagoa da. Ahal den neurrian, pertsonaren autonomiari eusteko ahalegina egitea da xedea, eta soilik laguntza behar duenean laguntza ematea. Halaber, ez da betirako gaitasun gabetzerik ematen. «Gaur egun berrikus daitezke gaitasun gabetzeak, eta aurki segur aski derrigorrezkoa izango da, maiztasun jakin batekin, berriro aztertzea».

Nazio Batuen Erakundearen babesean 2006an konbentzio bat onartu zen New Yorken, era honetako auzien gainean irizpideak emateko. Gidatzat hartu behar dute legeek. Medikuek ere, halaber, gaitasun gabetzeen gaineko balorazioak ahalik eta doitasun handienarekin egiteko badute tresna berri bat, Sitgesen (Herrialde Katalanak) hainbat adituk iaz hitzartua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.