Ni Ere Banoa kolektiboak espero du biharko auzia Ibon Fernandez Iradiren askatasunaren aldekoa izatea. Gaur Baionan eman duten prentsaurrekoan, kolektiboko kideek adierazi dute epaia Fernandez Iradiren aurkakoa balitz “giza eskubideen” eta “Euskal Herriaren aldarrikapenen aurkakoa” litzatekeela. Izan ere, ekainaren 14an Baionan egindako manifestazioko eskaeretariko bat zen larriki eri diren presoak askatzea, eta, bereziki, Fernandez Iradiren askatasuna. Oroitarazi dute sentsibilitate ezberdinetako 8.000 lagun bildu zirela Giza eskubideak, irtenbidea, bakea lelopean, eta Frantziako Gobernuari eskatu diote Euskal Herriaren aldarrikapenei kasu egiteko.
Ekainaren 20an eman zion epaileak Fernandez Iradi euskal presoaren zigorra eteteko eskaerari erantzuna. Lannemezango espetxean dago preso Fernandez Iradi, eta 2013an diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza. Gaitzak okerrera egin dezakeela eta, zigorra eteteko eskatu zuen. Epaileak onartu egin zuen eskaera, baina bi baldintza ezarri zizkion: lehendabizikoa, Frantzian egoteko debekua indargabetua izatea, eta bigarrena, Pirinio Atlantikoetako departamendutik kanpo bizitzea.
Lehendabiziko baldintza da arazo gehien ekar lezakeena. Izan ere, bertze auzitegi batera jo beharko luke Fernandez Iradik Frantzian egoteko debekua indargabetzea lortzeko. Horrek asko luza dezake prozedura, eta gaitzak okerrera egin dezake bitartean.
Giza eskubideen aurka
Ni Ere Banoa kolektiboak salatu du prokuradoreak giza eskubideen aurka jokatu zuela auzian. Azaldu dutenez, eri diren presoak askatu behar direla dio 2012ko Kouchner Legeak, eta baita giza eskubideen Europako gorteak ere. Bestalde, epailearen erabakia “bihurria” izan da haien ustez, askatzeko agintzen baitu, baina ezarritako baldintzak ez baitu askatzea ahalbidetzen: “Esku batez ematen duena bertzeaz kentzen du”.
Bihar iraganen da helegite auzia, Parisen, eta espero da bi edo hiru asteren buruan jakitea deliberoa. Emaitza edozein izanik ere, epaia jakiten den egunean arratsaldeko seietan elkarretaratzera deitu du Ni Ere Banoa-k. Bide batez, kolektiboko kideek Frantzia eta Espainiak gatazkaren konponbidean urratsik ez egin izana salatu dute. Horren adibide da, haien arabera, azken hilabeteetan hainbat preso urruntzea.