Elbarritasunen bat duten pertsonen autonomia sustatzea eta haien eskubide eta aukera berdintasuna bermatzea. Bi helburu horiek izango ditu Nafarroako Gobernuak aurkeztutako Ezinduen Arretarako Lehen Plan Integralak. Planak hiru urteko iraupena du, eta 129 milioi euroko aurrekontua. Nafarroako Gobernuko bederatzi departamentuk esku hartu dute planean.
Planak ezintasunak dituzten pertsonen eguneroko bizimodua «hobetu eta erraztu» nahi dituIsabel Garcia Malo Gizarte Gaietarako kontseilariak nabarmendu duenez. Hori lortze aldera, hainbat alorretan jarriko du indarra: irisgarritasun unibertsala, ikusgarritasuna, eskubide eta aukera berdintasuna... «Arreta berezia jarriko dugu emakume ezinduetan, jasaten duten diskriminiazioa bikoitza baita gaur egun».
Planak hiru zati ditu. Lehenbizikoan, egungo egoerari buruzko irakurketa dago. Horren arabera, une honetan ezintasunen bat aitortzen zaien 17.605 pertsona daude Nafarroan. Bigarren atalean, egun ezinduek jasotzen duten arretaren eta babes sozialaren inguruko xehetasunak ematen dituzte.
Azken atalean, planean proposatzen diren ekimenak, helburuak eta jarduerak jasotzen dira. Neurrien artean, autoa aparkatzeko txartela emateko irizpideak eta ibilgailu egokituei hainbat zerga eta tasa kentzea. Laguntzen katalogo bateratu bat ere sortu nahi dute.
Irisgarritasun erraztea da legearen helburuetako bat. Baina Nafarroako Gobernua alor horretan urraketak egiten jarraitzen duela salatu du NaBaik. «Dagoeneko bada lege bat alor horretan, baina Nafarroako Gobernuak ez du betetzen; ezta sustatzen ere», adierazi du NaBaiko parlamentari Joseba Ezeolazak.
Legea ez betetzea «oso larria» iruditzen zait. «Lege hau paradigma bat da ezintasunaren alorrean, erakundeen aldetik ikuspegi aldaketa bat baitakar. Irisgarritasun unibertsala legez bete beharreko eskubide bihurtu da».
Legea onartzeko prozesua ondo egin zela nabarmendu du Ezeolazak, baina ez dela bete. «Gogoratu urriaren 15erako onartuta egon behar zutela departamentu bakoitzaren araudi eta irisgarritasun planak».
Asko dagoela jokoan uste du Ezeolazak. Horregatik, ahozko galdera bat erregistratu dute, Nafarroako Gobernuari «konpromiso gehiago» eskatzeko.
Ezinduen Arretarako Plana aurkeztu dute Nafarroan
Elbarritasunen bat duten pertsonen bizia «erraztea eta hobetzea» du helburu Foru Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu