Tortura

"Ezinezkoa da torturari buruzko bertsio ofiziala sinestea"

Torturaren bueltan aritu dira EHUren Donostiako campusean Lorea Bilbao abokatua, Paco Etxeberria auzi medikua eta Jon Mirena Landa Zigor Zuzenbideko katedraduna. Bete egin da Filosofia eta Antropologia fakultateko areto nagusia.

Torturari buruzko mahai inguruan, gaur, Donostian. JON URBE
Hodei Iruretagoiena
2016ko apirilaren 27a
07:52
Entzun

"Adierazgarria da aretoa beteta ikustea. Europan, toki gutxitan piztuko du torturak Euskal Herrian pizten duen interesa". Hitz horiekin hasi du Eneko Compains EHUko Zuzenbideko irakasle eta 8/2013 sumarioko auzipetuak torturari buruzko mahai ingurua. Urte luzetan torturaren errealitatea "ezkutuan" mantendu nahi izan dela salatu du, eta "oihu ozen bat" egin nahi izan dutela: "Gezur ofizial hori erortzen ari da. Hor dago herri mugimenduak modu iraunkorrean egin duen salaketa, Europan lanean ibili diren abokatuak, Euskal Memoria fundazioaren lana...". Basque Lives Matter kanpainarekin, "urrats berri bat" egin nahi dute orain, "errealitate hori publikora agertzeko".

Aurezpenen ondoren, Lorea Bilbao TATeko abokatuak jarraitu du. Datu batzuk eman ditu lehenik: 2.000. urtetik, 716 salaketa judizial jarri direla, esaterako. "Nola gerta daiteke hau XXI. mendean?". Inkomunikazio garaian gertatzen dena azaldu du: gauez atxiloketak gertatzen direnetik, epailearen aurretik pasatu arteko tartea. Eta auzi medikuek, ofizioko abokatuek eta epaileek izan ohi duten jarrera kritikatu du, inkomunikazioak tortura ahalbidetzen duela azaltzeko. Bilbao: "Justizia ez da auzitegietan lortuko, gizartean baizik. Behar da erakundeen aitortza, zer gertatu den, eta aitortu behar da helburu politikoak izan dituela horrek".

Bertsio ofiziala deseraikitzen

Bertsio ofizialetik abiatu da Jon Mirena Landa katedraduna. Auzitegienetik, hasteko. Bila ibili ondoren, torturatzaileak zigortu dituzten hamalau sententzia irmo bakarrik aurkitu ditu. "Ez da inoiz egon 1995eko Zigo Kodean oinarritutakorik". Beraz, hori da "argazki ofiziala": azken hogei-hogeita hamar urteetan ez dela torturaik egon. "Ezinezkoa da hori sinestea", esan du Landak. Tortura salatzen dutenek gezurra esaten dutela dioen argudioari ere erantzun dio: "Patroi bera irteten da salatzen diren metodoetan. Adibidez, poltsa normalean Guardia Zibilak erabiltzen duela". Landaren esanetan, datuek erakusten dute salatutakoa ez dela gezurra. "Bestela, historiako gezurrik sofistikatuena litzateke".

"Bataila juridikoan" ere giza eskubideen kultura baliatu beharra aldarrikatu du Landak, "borroka dinamiko" gisa ulertuta, "despolitizatuta". "Torturatuek badakite torturatu dela, torturatzaileek ere bai. Bataila da gizarteak jakitea". Horretarako, beharrezkotzat jo du Eusko Jaurlaritza egiten ari den lana, kasuz kasu ikertzearena, gerora lan hori "egia sozial gisa, egia ia-juridiko gisa" azaldu ahal izango delako.

"Gizarteko sektore guztiak"

Paco Etxeberriak, berriz, auzi medikuaren lana kasuak frogatzea dela adierazi du, eta horretarako Eusko Jaurlaritzaren izenean egiten ari diren lana azaldu du: testigantzak, froga dokumentalak, perizialak... Testigantza errealen bideoak ere jarri ditu, adibide gisa. "Dagoeneko gizarteko ia sektore guztietako pertsonen testigantzak ditugu: gaztaek, irakasleak, sindikalistak...". Horren aurrean epaileek hartzen duten jarrera kritikatu du, bukatzeko: "Gehien eskandalizatzen nauena da, epaile aurrean torturatu dutela esan, eta epaileak diligentziarik ere ez irekitzeak"

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.