Sua ez zuela berak piztu, eta egun hartan ez zela egon Ezkaba mendian (Nafarroa). Hori adierazi du Ezkaba mendian nahita sute bat eragiteagatik epaitzen ari diren gizonak. Lehen aldia da zinpeko epaimahai batek halako delitu bat epaitzen duena Nafarroan. Sutea 2009ko abuztuaren 30ean izan zen, eta atzo hasi zen epaiketa, Nafarroako Probintzia Auzitegian. Aldeek zigor eskariei eutsi diete. Defentsak akusatua libre uzteko eskatu du; fiskalak, aldiz, hiru urteko espetxe zigorra eta 3.391 euroko kalte-ordaina eskatu ditu. Gaur amaituko da epaiketa.
Deklarazioak hasi aurretik zinpeko epaimahaia osatu zuten. Zortzi emakume eta gizon bat aukeratu zituzten. Fiskalak aurkeztutako txostenak dioenez, 2009ko abuztuaren 30ean, 16:20 inguruan, akusatuak sua piztu zuen Ezkaba mendiko hegaletako batean. Txostenaren arabera, «nahita» piztu zuen sua gizonak. Garrak berehala zabaldu ziren Arre herrirantz.
Suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuak joan ziren sutea izan zen lekura. Ordubete inguru behar izan zuten garrak mendean hartzeko. 17:10erako kontrolpean zuten sutea. Sasiartea eta bazkarako larreak erre ziren batez ere, 980 metro koadro inguru.
Ondoren, fiskalak azaldutakoaren arabera, Atarrabia inguruko industrialde batera joan, eta beste su bat piztu zuen. Sutea txikiagoa izan zen, baina suhiltzaileak eta Nafarroako Gobernuko bi helikoptero aritu ziren sua itzaltzen. Zuhaitzak eta landareak erre ziren. Kaltetuek ez dute salaketarik jarri.
Atzo egindako deklarazioan sua piztu izana ukatu zuen akusatuak, eta behin eta berriz errepikatu zuen bera ez zela Ezkaba mendian egon. Egun hartan egin zuenaz galdetuta, erantzun zuen denbora asko igaro dela ordutik eta ez dela ondo gogoratzen. Fiskalaren galderei erantzunez, aitortu zuen, hala ere, Atarrabia ondoko gasolindegi batean egon zela.
Akusatuak eta lekukoek deklaratu ostean, gaur teknikariek aurkeztuko dituzte beren txostenak. Behin hori eginda, akusatuak azken adierazpena egiteko aukera izango du, eta aldeek beren eskariak aurkeztuko dituzte. Ondoren hasiko da zinpeko epaimahaia deliberatzen.
Aldeek esana zuten, azken orduko aldaketarik ezean, beren zigor eskariei eutsiko dietela. Fiskalak hiru urteko zigor eskaria egin du akusatuarentzat. Gainera, sua itzaltzeak eragindako gastuak ordaintzea nahi du. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 3.391 euroko kostua izan zuen Ezkaba mendiko sutea itzaltzeak. Hain zuzen ere, horixe da fiskalak eskatu duen kalte-ordaina. Isun bat ezartzea ere galdegin du: hamabost hilabetez, egunean sei euro ordaintzea. Defentsako abokatuak, berriz, libre uzteko eskatu du.
Ezkaba mendian sua piztu izana ukatu du akusatuak
2009ko sute baten ustezko egilea epaitzen hasi da aurreneko aldiz zinpeko epaimahai bat Nafarroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu