Nafarroako Gobernuak, Aranzadi Zientzia elkartearekin sinatutako itunari esker, Ezkabatik ihes eginiko bi presoren gorpuzkiak lurpetik atera ditu Leranotz herrian.
Hain zuzen, 80 urte bete dira gaur, 1938ko maiatzaren 22an, Ezkabako gotorlekuko 795 presok ihes egin zutenetik. Horietatik, 207 tiroz hil zituzten guardia zibilek, militar frankistek eta erreketeek. Beste 14, berriz, handik bi hilabetera fusilatu zituzten. Hiruk besterik ez zuten lortu Ipar Euskal Herrira iristea.
Duela bi urte lauko gobernuak eta Aranzadik lankidetza hitzarmena sinatu zutenetik, 66 pertsonen gorpuzkiak aurkitu dituzte; eta horietatik, 45 dira Ezkabatik ihes eginiko presoenak.
Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok nabarmendu du Leranotzen eginiko aurkikuntza, eta azken hilabeteetan eginiko beste guztiak, "oso garrantzitsuak" direla, "memoria historikoa berreskuratzeko bidean".
Aranzadiko kideek iragan astean aurkitu zuten Leranozko hobiaren kokapen zehatza, eta orduantxe abiatu zituzten bi gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanak.