Olaben gaur hasi ditu lanak Aranzadik 1938an Ezkabako espetxetik ihes egin zuten hamar edo hamabi presoren gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik ateratzeko. Horiei buruz uste da hilerritik gertu lurperatu zituztela, eta Olaibarko Udalak eta Olabeko kontzejuak Nafarroako Gobernuari agertu diote hobi hori aurkitu eta gorpuzkiak deshilobiratzeko nahia, Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez. Vianako Printzea erakundearen ondasun zerbitzuak ere baimena eman du.
Olabeko gorpuzkiak bilatzeko lanak Nafarroako Gobernuak memoria historikoaren arloan abiatu dituen ekimenen artean dago, 1936ko eta ondorengo urteetako errepresioaren biktimei egia, justizia eta erreparazioa emateko. Iberoko hobitik gorpuzkiak atera zituztenean bezala, gobernuak tokian tokiko erakundeekin elkarlanean aritzeko borondatea agertu du, "alde guztien arteko konpromiso handiena bilatuz".