Ezkabako ihesean parte hartu zuen preso baten gorpuzkiak identifikatu dituzte 

Nafarroako Gobernuak sortutako DNA bankuari esker identifikatu dituzte Leoncio de la Fuente Ramosen gorpuzkiak. 1938ko maiatzaren 22ko ihesean parte hartu zuen, eta Larrasoañan exekutatu zuten. 

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak Ezkabatik ihes egindako presoen gorpuzkiak ateratzeko lanetan. IDOIA ZABALETA, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko uztailaren 1a
12:05
Entzun

Nafarroako Gobernuak Ezkaban preso egon ziren eta Larrasoañan (Nafarroa) exekutatu zituzten lau pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu zituen 2018ko uztailean. Paulina Lizoainen testigantzari esker jakin zuen Nafarroako Gobernuak han izandako exekuzioen berri. 89 urteko herritar horrek haurra zela ikusi zuen exekuzioa, eta Nafarroako Gobernuak Esteribarren hobitik ateratzeko lan batzuk egin ondoren erabaki zuen ikusitakoa kontatzea. 

Alabak Nafarroako DNA bankuan utzitako lagin bati esker identifikatu dute Leoncio de la Fuente Ramos. Valladolideko Frenso El Viejo (Espainia) herrikoa zen, eta sei seme-alaba zituen. 36 urte zituela, 1937ko abuztuaren 22an iritsi zen Ezkabara. 1938ko maiatzaren 22ko ihesean parte hartu zuen 795 presoetako bat izan zen. Ihes egin eta berehala harrapatu zuten, bertze 206 presorekin batera, eta Larrasoañan exekutatu eta hobiratu zuten.

Nafarroako Gobernuak 2016an sortu zuen DNA bankua, eta hantxe dituzte jasoak Nafarroan fusilatutako 230 pertsonen senitartekoen DNA laginak. Horri esker lortu dute identifikatzea Larrasoañan fusilatutako presoa. Gainera, aurretiazko hipotesirik egin gabe identifikatu dituzten lehenengo gorpuzkiak dira de la Fuente Ramosenak. 

Nafarroako Memoriaren Institutuak dei egin die fusilatuen senitartekoei beren laginak uzteko identifikazio berriak egin ahal izateko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.