Ihesaldi horren berri jaso zuen 1990. urtean Pamielak argitaratu Felix Sierraren La fuga de San Cristobal (San Cristobalgo ihesa) liburuak. Lan hori abiapuntu hartuta, orduko hitzak irudi bilakatu ditu Iñaki Alforjak orain. Dokumentala egiten ari da ihesaldiari, eta, oro har, Ezkabamendiko gotorlekuari buruz. Han bat egin zuten presoek jasan behar izan zutenari buruz.1938 urte inguru hartan, 2.500 lagun zeuden Ezkabamendiko gotorlekuan. Espetxe bilakatutako eraikin hartan. Bizi baldintza oso gogorrei egin behar zieten aurre. Gaixotasunek eta errepresioak jota, egunero hiltzen zen jendea gotorlekuan.Hamaika tokitako jendeak egin zuen bat Ezkabamendin. Euskal herritarrak baziren, bai eta espainiarrak ere, leku askotakoak: Gaztela Leongoak, Extremadurakoak, Madrilgoak; galiziarrak ere baziren.
Proiektu zabala martxan
Ezkabamendiko gotorlekuan preso egondako 30 lagun ingururen testigantzak jaso zituen Felix Sierrak 1990. urteko bere liburuan. Felix Sierra irakasle da Valladoliden (Espainia). Husten ari ziren etxe zahar bateko altzari zaharren artean, Ezkabamendiko gotorlekutik ihes egindako presoei egin zieten epaiketa militarraren inguruko agiriak aurkitu zituen, eta Pamiela argitaletxe nafarraren eskutik argitaratu zituen, 1990ean.
Felix Sierrak eta Pamielak bat egin dute berriro, eta Iñaki Alforjarekin batera, Ezkabamendiko gotorlekuan gertatutakoaz lan zabala prestatzen ari dira. Liburua berrargitaratuko dute, azken bi urteotan Alforjak eta Sierrak bildutako agiri eta testigantza berriekin. Gainera, webgunea prestatzen ari dira Ezkabamendiko gotorlekuari buruz. Alforjaren eskutik, halaber, Iruñeko tontorreko espetxean preso egondakoen lekukotasunak irudi bilakatzen ari dira, eta, haiekin, DVDa osatuko dute. «Behin ikerketa lanean sartuta, zaila da bukatzea, muga jartzea. Hamaika hari sortzen dira egunero, eta hamaika gai. Baina aurten bukatu nahi dut, zabaldutako bidea itxi», azpimarratu du Alforjak.
1.085 preso
1.085. Hori da Ezkabamendiko gotorlekuan ihes egindakoen eta hildakoen kopurua. Sierrak 1990ean argitaratutako liburuan jasotako datuak dira. Ihes egindako ia 800 presoetatik, 568 bizirik harrapatu zituzten. Epaiketa militarrari buruzko agirietan, «errebolta baliatuz ihes egindakotzat» jotzen dituzte preso horiek.
Harrapatutako iheslarien artean, hamazazpi jo zituzten Gotorlekuko arduradunek ihesaldiaren bultzatzailetzat. Haietako hamalau Iruñeko Gaztelugibelan fusilatu zituzten 1938. urteko irailaren 8an.Beste 185 iheslari hil egin zituzten. Haien artean zegoen Leopoldo Pico Perez. 27 urte zituen eta Rasineskoa zen, Kantabriakoa (Espainia). Ihesaldiaren buru izan zen. Beste 22 iheslariren berri jasotzen du liburuak. Hil egin zituzten, baina haien gorpuak «ez zituzten erabat identifikatu».Ezkabamendiko gotorlekuan beste 290 preso hil zituzten. Ez zuten ihes egin, baina eraikin hartan zendu ziren, eta Antsoaingo epaitegian jasota dago haien heriotzaren berri. Ihes egitea lortu zuten hiru presoek osatzen dute Ezkabamendiko zerrenda: Jobino Fernandez, Valentin Lorenzo eta Jose Marinero.Zenbaki bilakatutako preso horien guztien berri jaso zuen Sierrak 1990ean, eta haien berri jasoko du, halaber, liburu berriak. Zenbakien atzean errealitatea dagoela gogoratzeko. Ihes egitea lortu zuen presoetako bat Mexikoraino ailegatu zela azpimarratzeko. Han bizitza berriari ekin ziola ezagutarazteko. Josefina Gerendiainen izena azpimarratzeko. Iruñeko emakume sozialista, lagunekin preso sozialistei bisita egiten ziena. Socorro Aranguren nabarmentzeko, EAJkoa, presoen alde aritu zena. Eta beste izen asko eta asko.
-
Gotorlekuari buruzko lekukotasunak
Fe Sanchez Tosal(Peñaranda de Bracamonte, Espainia)
«Bi burdin sare zeuden gure eta senitartekoen artean»
26 urte zituen bere familia desegin zenean. Feren senarra, anaia bat, koinatu bat eta bi iloba Ezkabamendin egon ziren:
«Asko sufritu genuen. Bi hilabetero joaten ginen bisitan gotorlekura eta lau urtez egon ginen horrela: lehendabiziko Salamancara edo Medina del Campora joaten ginen, gero Altsasura, eta handik Iruñera. Ongi tratatu gintuzten, baina bi burdin sare zeuden gure eta senitartekoen artean. Burua burdin sarearen kontra jartzen nuen beti, eta beti sudurra zikinduta alde egiten nuen.Senarra gotorlekuan zela, alaba hil egin zitzaidan. Senarrari erran nion. Biok negarrez, eta burdin hesia bion artean.Gotorlekuan gaizki jaten zuten presoek. Garbantzu gutxi batzuk zituen salda. Artikan preso asko lurperatu zituzten senarra gotorlekura iritsi aurretik. Goseak jota hil ziren. Ihesaldiak ezustean harrapatu zuen senarra. Ez zekiten deus, eta gertatzen ari zena ikusi ondoren, barrura itzuli ziren. Harrapatu zituzten presoak lehen brigadara eraman zituzten. Guardiek ez zieten lokartzen uzten. Gatza zuen ura ematen zieten edateko. Hori zen euren janaria. Senarrak ez zuen ihes egin . Lau urte, hiru hilabete eta hamazazpi egun eman zituenhan».
josu urresti(Ondarroa)
«Ihes egin zutengoseak jota hiltzen ginelako»
1937. urteko ekainean atxilotu zuten Josu Urresti. Bilbotik eraman zuten Ezkabamendira:
«Bizitza tristea eta monotonoa zen. Beti ilun. Patiora eramaten gintuztenean begiak ezin ireki egoten ginen, argiak min egiten zigulako. Janaria txarra zen: ur zikina dilista apur batzuekin. Miseria eta zikinkeria besterik ez genuen inguruan. Litro bat ur genuen egun osorako.1938. urteko maiatzaren 22a igandea zen. 'Hasi da', oihukatu nuen nik. Ondarroako lagunei galdetu nien ihesaldiaz zerbait ote zekiten. Sabinek bazekien.Ihes egin ez genuenok brigadan gelditu ginen. Guardia Zibilak ailegatu ziren, eta patiora ateratzeko agindu. Baina hurrengo egunera arte ez ginen atera. Ziur ginen hilko gintuztela. Ihesaldia gertatu zen gose ginelako.Ihes egindakoak bueltan ikustea mingarria izan zen.Tartean Elorza laguna zegoen. Ikusi ninduen, eta negar egin nuen. Fusilatu zuten. Handik gutxira Ezkabamenditik atera ninduten».