Aranzadi zientzia elkarteko teknikari eta paleontologo talde batek aurkitu ditu aztarnak Olabeko hilerritik gertu, Ezkaba mendian (Nafarroa), atzo. 1938an Ezkabako espetxetik ihes egin ostean fusilatutako hamalau lagunenak dira arrastoak. Urtarrilean hasi zituzten gorpuzkiak aurkitzeko lanak.
Olaben izan da Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanen kontseilaria, Alvaro Baraibar Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen idazkariarekin batera. Ollok nabarmendu du Nafarroako Gobernuaren lehentasuna dela "bakearen eta elkarbizitzaren kultura sustatzea". Baraibarrek, berriz, azpimarratu du berehala ekin behar dietela frankismoaren biktimen arrastoak berreskuratzeko lanei, hobiak topatzea lekukoen testigantzek baldintzatzen dutelako eta horiek adinekoak direlako.
Olaibarko Udalak eta Olabeko kontzejuak Nafarroako Gobernuari agertu zioten hobi hori aurkitu eta gorpuzkiak deshilobiratzeko nahia, Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez. Vianako Printzea erakundearen ondasun zerbitzuak ere baimena eman zuen.
Olabeko gorpuzkiak bilatzeko lanak Nafarroako Gobernuak memoria historikoaren arloan abiatu dituen ekimenen artean dago, 1936ko eta ondorengo urteetako errepresioaren biktimei egia, justizia eta erreparazioa emateko. Iberoko hobitik gorpuzkiak atera zituztenean bezala, gobernuak tokian tokiko erakundeekin elkarlanean aritzeko borondatea agertu du, "alde guztien arteko konpromiso handiena bilatuz".