Nafarroako Gobernuko Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendaritza nagusiak berreskuratu ditu Ezkabako lau iheslariren gorpuzkiak. Larrasoañako hilerri kanpoaldean zegoen hobi batean aurkitu dituzte. Aldaketaren gobernua iritsi zenetik 72 gorpuzki atera dituzte lurpetik Nafarroan.
Ezkabako ihesa gertatu zenean, haurra zen Paula Lizoain Larrasoañako bizilaguna, eta haren testigantzari esker lortu dute gorpuzkiak lurpetik ateratzea. Nafarroako Gobernuak Esteribarko ibarrean egindako bertze hobi batetik ateratzeko saioetan eman zuen testigantza Lizoainek —89 urte ditu egun—.
80 urte bete ziren maiatzean Ezkabako gotorlekuko 795 presok ihes egin zutenetik. Horietatik, 207 tiroz hil zituzten guardia zibilek, militar frankistek eta erreketeek. Bertze hamalau, berriz, bi hilabetera fusilatu zituzten. Hiruk bertzerik ez zuten lortu Ipar Euskal Herrira iristea.