Ezker abertzalea, Aralar, EA eta Alternatibak Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren berehalako dimisioa eskatu dute gaur, Bilbon emandako prentsaurreko batean, Iñigo Cabacasen heriotzean Ertzaintzak zerikusi zuzena duela iritzita. "Ares da Cabacasen heriotzaren erantzule politikoa", esan dute.
Haien arabera, ostegunean Bilbon gertatutakoa "ez da gertaera isolatu bat"; kasu, martxoaren 29an Ertzaintzak Xuban Nafarrate larri zauritu zuela gogoratu dute. "Gure herriak azken hamarkadetan pairatzen duen indarkeria polizial gordinaren azken biktima da Iñigo Cabacas. Gure herrian normaltasun eta demokrazia egoera bat saihesteko eraikitako salbuespenezko neurri eta neurri errepresiboen egitura osoak justifikaturiko eta babesturiko indarkeria poliziala da".
Ertzaintzak eta beste polizia indarrek "gerra materiala" erabiltzen dutela salatu dute, eta berehala uzteko eskatu die. "Gure herrian jarduten duten polizia ezberdinek euskal herritarren aurka indarkeria inolako ardurarik gabe eta era zigorgabean erabiltzea erabat larria deritzogu", adierazi dute, halaber.
Prentsaurrekoan ezker abertzaletik Mikel Etxaburu izan da, Aralarretik Ander Busto, EAtik Elena Garcia eta Alternatibatik Amaia Agirresarobe.
Beste erreakzio batzuk
Aralarrek Iñigo Cabacasen heriotza ikertzeko eskatuko du. "Oso larria da gertatutakoa, eta gertaera zorrotz ikertu beharra dago", esan du Dani Maeztu Aralarreko eusko legebiltzarkideak.
Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak adierazi du "itxura guztien arabera" Ertzaintzak zauritu zuela Cabacas eta, ondorioz, erantzukizunak eskatu ditu. "Denbora gutxian bi polizia basakeria izan dira: martxoaren 29an Gasteizen eta, itxura guztien arabera, orain, Cabacasekin".