Ezker abertzalea atzo Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariari egindako protesta ekintzatik aldendu da, prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, baina salatu du "Barcinak AHTaren gaineko eztabaida sakona saihestu" nahi duela, "ETAren inguruak egindako eraso baten biktima bihurtu nahian".
Gaineratu du Nafarroako lehendakariak badakiela protesta ekintza horrek ez duela ezker abertzalearekin loturarik eta gogorarazi dio ezker abertzalea ez dela abiadura handiko trenaren aurka agertu den eragile bakarra. "Azpiegitura honek ez du ekarriko inolako onurarik Nafarroako garapen ekonomikoan, ezta gizartearen ongizatean ere. Barcinak, AHT proiektuak ekarriko duen gehiegizko gastuaren aurrean erantzukizunez jokatzeko ordua du".