Txillardegi hil eta berehala izan dira erreakzioak gaur. Horien artean nabarmentzekoak Txillardegik berak lotura estua izan zuen bi eragilerena: ezker abertzalea eta Euskal Herrian Euskaraz. Ezker abertzaleak Txillardegik egindako ekarpen "erraldoia" azpimarratu du, eta haren borroka gune nagusiak aberria eta euskara izan zirela gogorarazi du: "Bera izan da aberriaren funtsa hizkuntzan datzala defendituz bidea zabaldu duena, ondotik hainbat belaunaldirentzat ikur bilakatuz".
Euskara eraginkor eta bateratuaren alde egindako lana behar bezainbeste ez zaiola onartu iritzio dio ezker abertzaleak. "Matematikaria, filosofoa, politikaria, poeta, linguista, mistikoa, literatoa, Txillardegi asko aurki daitezke bidean, baina bere jarduna definitzeko klabeak hauexek: maitatu, pentsatu eta ekin. Euskal Herria maitatu du; pentsalaria izan da, alor askotan bere ekarpenak utziz; eta ekintzailea, bere ideiak bururaino eramateko prest bizitza osoan. Guztia, Euskal Herria euskalduna helburu hartuta".
Euskal Herrian Euskaraz: "Euskaltzaleon erreferente nagusien artean mantenduko da etorkizunean ere"
Euskal Herrian Euskaraz-en sortzaileetariko bat izan zen Txillardegi, eta erakunde horrek esan du egun iluna eta tristea dela gaurkoa. "Joan egin zaigu, baina ez gaitu utzi; orain arte bezala, euskaltzaleon erreferente nagusienen artean mantenduko da etorkizunean ere". Euskal kulturari, euskalgintzari eta herri mugimenduari oro har egindako ekarpenak "gizon handi" zuela nabermendu du EHEek, eta gaineratu du orain Txillardegik marrazten lagundutako bidean urratsak egiten jarraitzea dagokiela besteei.
Igone Lamarain EHEko bozeramailea ere mintzatu da Txillardegiz: "Euskalgintzari eta euskararen normalizazioari izugarrizko ekarpena egin dio. EHEren sorreran egon zen, eta herri euskalduna berreraikitzeko lanean egindako ekarpena ikaragarria izan da. EHErekin beti mantendu du harremana, eta iazko otsailean omenaldia egin genion. Berak zabaldutako bideari jarraitu behar diogu".