"Konponbide aukera zapuztea" izan da PPren gobernuak izan duen helburua, ezker abertzalearen ustez. 2012. urtea baloratzeko agerraldian Maribi Ugarteburuk eta Pernando Barrenak nabarmendu dutenez, espetxe politika "kriminalean" sakondu du PPk, eta epaiketa politikoekin eta polizia jazarpenarekin jarraitu du.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak oinarrizko auziak aldarrikatzen dituela gogoratu du, giza eskubideei dagozkienak: "Konponbiderako ezinbestekoa da presoen aferari heltzea, preso guztiak kaleratzeko bidean". Gainera, konponbide prozesuan Euskal Herrian zein nazioartean izan diren ekimenei Espainiako Gobernuak "modu erasokorrean" erantzun diela uste dute ezker abertzaleko kideek: "Bakearen etsai nagusi gisa kokatu da PP".
Hala ere, Ugarteburuk adierazi du aurrera egin dela Euskal Herrian. Aieteko Adierazpenak izandako garapena —Jarraipen Batzordea osatzeko eragileek hartutako konpromisoa eta Baionako Foroa aipatu dituzte adibide moduan—, eta "polizia ezberdinen erasoak" jasan arren, ETAk bere borondatea mahai gainean jarri izana dira horren adierazgarri, ezker abertzaleko kideen esanetan. Sorturen legeztatzea ere aipatu dute, "Euskal Herriaren garaipena" izan delakoan, eta gaineratu dute euskal presoen eskubideen aldeko gehiengoa "ikusi" egin dela 2012an.
"Krisialdi egoera orokorra"
Espainiako Estatuak lurralde krisia, krisi ekonomikoa, politikoa eta instituzionala duela esan du Ugarteburuk. Alde horretatik ere jarrera antzekoa izan du PPren gobernuak, haren hitzetan: "Krisialdi sakon eta orokorrari, inposizioarekin, murrizketekin, eskubideen zapalkuntzarekin eta berzentralizazioarekin erantzun dio". PPren "zapalkuntza eskaintzaren" aurrean, Euskal Herriak aurrera egin du, "etsi gabe", Ugartebururen arabera.
Ezker abertzaleko bozeramaileak gogoratu du mobilizazio ugariko urtea izan dela 2012a, eta nabarmendu du erakundeetan ere garatzen hasi dela EH Bilduk aurkeztu zuen proposamen sozioekonomikoa. "Burujabetza ariketa praktikoaren" adibide gisa aipatu du, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak langileei 14. lansaria ordaintzeko hartutako erabakia.
"Blokeo eta inposizio" jarrera horren aurrean, beraz, gatazkaren konponbidean eta burujabetzan aurrera egin dela ondorioztatu du ezker abertzaleak. "2013. urtea, berriz, gatazkaren konponbiderako elkarrizketetarako eta eraldaketa sozialean sakontzeko urtea izan dadin jardungo gara", adierazi du Ugarteburuk.