Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetarako ituna gertu dutela zabaldu du gaur Efe Espainiako berri agentziak, haien Herri Akordioa idatziaren berri izan duela esanda. Hiru eragile politikoak, hala, elkarrekin aurkeztuko lirateke datozen bozetara.
Eferen arabera, hautagaiak euskaldunak izango dira —bestela, hautagaiak datorren legealdian euskara ikasteko konpromisoa hartu beharko du— eta zerrendak osatzean aintzat hartuko dute gizon eta emakumeen parekidetasuna —txandakatuz leudeke—.
Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak Hego Euskal Herrirako akordioa aurkeztu zuten urtarrilaren 16an, Euskal Herria ezkerretik. Aldaketa politiko eta sozialerako independentisten eta subiranisten arteko akordioa lelopean, eta harrezkero aipatu izan dute hauteskundeetara elkarrekin joateko aukera. Orain hiri, herrietako eta aldundietako bozetarako gauzatu nahi dute ituna, betiere berri agentzi hark dioenez.
Herri Akordioa idatzian aitortzen dute herrietan gai batzuetan desadostasunak egon daitezkeela, "baina horiek ez dute auzitan jarriko itun orokorra". Dena dela, herrietako zinegotziek gai zehatz haietan boto askatasuna izango lukete.