EAEko fiskal nagusiak Hasier Arraiz Sortuko presidentearen aurka egin duen eskaera salatu du Sortuk: "Kalparsororen eskaerak agerian uzten du militante politikoak oraindik mehatxatu egiten direla burutzen duten lanagatik". Zigor eskaera "guztiz onartzezina" dela uste du alderdiak: "Epaile, fiskal, Gobernuaren delegatu eta kolore ezberdinetako poliziek euskal herritarrak mehatxatzen eta xaxatzen jarraitzen dute espetxe eskaera, espetxeratze, kontrol eta segimenduen bidez".
Ezker abertzalea politikan "erabateko desabantailan" ari dela salatu du Sortuk: "Ez dago baldintza berdintasunik aukera politiko guztientzat; faltsua da ideia guztiak berdintasunean defenditu daitezkeela dioen esamoldea, Estatuak independentistak erasotzen jarraitzen duelako etengabean".
"Motibazio politikoa", Aralarren ustez
Arraizen kontrako zigor eskaera kritikatu du Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusiak ere: “Beste behin motibazio politikoa ikusten da erabaki horren atzean”.
Uberaren esanetan, Espainiako estatuko botereak "bat hartuta" ari dira: "Mendeku politikan oinarritzen dute beren jarduna. Dena ETA da lelopean, edozein aitzakia hartzen dute, irabazleen eta galtzaileen arteko kontakizuna eraikitzeko”.