Arnaldo Otegik gaur zigorra jakin ondoren esandakoa beteko du ezker abertzaleak, Miren Legorburu bozeramaileak arratsaldean prentsaurrekoan esan duenez: "Epai honek ez gaitu bidetik aterako" ("Inork ez dezala abiaturiko bidea utzi, irabaztera goaz eta", zioen Otegik goizean twitterrean). Gaur Auzitegi Nazionalak Bateragune auzian emandako epaiari buruz ari zen Legorburu baina, azken batean, Espainiako Estatuaren "errepresioaz" mintzatu da. "Madrilek herriari mezu bat helarazi dio: ez du jarrera aldatuko, errepresioarekin segituko du, jarrera saboteatzaileari eutsiko dio.
Legorburuz gain, Niko Moreno, Rufi Etxeberria, Tasio Erkizia eta Txelui Moreno azaldu dira prentsaurrekoan, ezker abertzalearen izenean, eta epaia "onartezina eta ulertezina" dela salatu dute; "euskal gizartearen gehiengo zabal batek hala ikusten du. Sententziak sumindura sortu du".
Arnaldo Otegik eta beste zigortuek bide politikoen aldeko lana egin dutela nabarmendu du ezker abertzaleak, eta gaur Euskal Herria bizitzen ari den egoera haiei "esker" lortu dela. "Kalean behar dute, aske!".
Legorburuk esan du Espainiako Poliziak 2009an Otegi-eta atzematen zituenean, estatuaren helburua ezker abertzalearen estrategia gogoeta "ezinezkoa" egitea zela, "baina ez zuen lortu, eta galtzaile suertatzen ari da". Aldiz, haien ustez, "ezker abertzalea zentralitate politikoa" lortzen ari da, "herritarren babesaren ondorioz". "Gehiengoa artikulatuta herri gisa aurrera" egiteko dei egin dute.
BERRIA.INFOk zuzenean eman du ezker abertzalearen agerraldia, BerriaTBren bidez.