"Euskal Herriko konponbide prozesuan beste pauso bat" eman zuen atzo ezker abertzaleak, Erresuma Batuko Legebiltzarrean diputatuekin bildu baitzen, Londresen, ezker abertzaleak berak gaur goizean jakinarazi duenez. "All-Party Parlamentary Group on Conflict Issues-ek (APPGCI) antolaturiko briefing batean parte hartu genuen. Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politiko guztien kideez osatutako talde honen helburua Euskal Herrikoa bezalako gatazka politikoen konponbideetan sakontzea da", dio ezker abertzalearen prentsa oharrak.
Andy Slaughter parlamentari laboristak aurkeztu zuen ekitaldia, eta talde ezberdinetako legebiltzarkideek hartu zuten parte. Ezker abertzalearen izenean Gorka Elejabarrietak ongi-etorria eman zion astelehenean Donostian egingo den Nazioarteko Konferentziari, eta baieztatu zuen ezker abertzaleak parte hartuko duela.
Nazioartearen inplikazioa azpimarratu zuen Elejabarrietak. “Bruselako adierazpena, Harremanetarako Nazioarteko Taldea, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea eta gatazkaren konponketa sustatzeko Nazioarteko Konferentzia oso urrats garrantzitsuak dira. Egoera berria sendotzeko eta gatazkari konponbide integral eta partekatuan aurrera egiteko lagungarri izan behar du".