"ETAren ziklo armatuaren itxierak ez dakar berarekin gatazka politikoaren amaiera", esan du gaur ezker abertzaleak, ETAk atzo borroka armatua bukatu duela iragarri ostean. "Oinarri politikoa duen gatazka pairatzen du herri honek, konponbide politikoa behar du, Nazioarteko Konferentziak ondorioztatu eta herri honen gehiengoak eskatzen duen eran".
Hala, "Euskal Herriaren aitortza eta erabaki eskubidea oinarritu hartuta, akordio politikoa" eskatu du ezker abertzaleak Donostian egindako agerraldian, azken batean azkeneko hitza herritarrengan uzteko.
"Eztabaida demokratikoari heldu" behar zaiola iritzi dio, eta hori "betorik eta debekurik gabe" egin behar dela.
ETAren erabakia "historikoa" dela esan du, "gure herriaren etorkizun politikoa erditik markatuko duena". "ETAren jarrera ezin garbiagoa da Euskal Herrian zabaldutako egoera berriari erantzuteko orduan".
Nazioarteko Konferentziako ebazpenari eta Gernikako Akordioari "bete-betean erantzun" dio erakunde armatuak, ezker abertzalearen iritziz, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari eta Nicolas Sarkozy Frantziakoari "arduraz" jokatzeko eta "gatazkaren ondorioak gainditzeko neurriak" hartzeko eskatu die.
Donostian eman du prentsaurrekoa ezker abertzaleak, 11:30etik aurrera, Miramar jauregian. Euskarazko idatzia Rufi Etxeberriak irakurri du, gaztelerazkoa Maribu Ugarteburuk. "Hainbat militante erreferentzial" izan dira agerraldian.