Sortu alderdiak legeztatzerik izango ote duen orain ez dago jakiterik, baina ezker abertzaleak ez du geldi egon nahi. Hala, Iruñean, esaterako, udal hauteskundeetarako programak osatzeari ekin dio, eta bertan iruindar orok parte hartzeko aukera izango du. Joxe Abaurrea eta Oskia Zarok atzo emandako prentsaurrekoan azaldu zuten blog bat ireki dutela Interneten —herriprograma2011.net/irunea— eta bertan herritarren iritziak biltzeko aukera izango dela. Era berean, datozen egunetan 70.000 aleko aldizkari bat kaleratuko dute, Yolanda Barcinaren politika laburbilduz.
Prentsaurrekoan onartu du Abaurreak ziurgabetasuna handia dela baina ez direla geldirik egongo horregatik. «Gertatzen dena gertatzen dela, ezker abertzaleak lanean jarraituko du eta hauteskundeei begira programako oinarriak prestatzen joango da. Etorri behar duena etorriko da». Abaurreak esan du apirilaren hasierarako zerrendak osatu nahi dituztela.
Bestalde, Nafarroako Ezker Batuak eta Batzarrek osatutako koalizioak, Izquierda-Ezkerrak, prentsaurrekoa eman zuen atzo Iruñean. Bertan, Edurne Eginok, koalizioaren alkategaiak, udal politika errotik aldatzeko asmoa agertu zuen. «Proiektu eraldatzailea eta ezkerrekoa» osatzeko asmoa dutelaadierazi zuen, egungo udal politika errotik aldatzeko. Inbertsio handietarako austeritatea, gizarte zerbitzuak eta demokrazia parte-hartzailea izango dira haien politikaren ardatzak.
Ezker abertzalea hasi da Iruñeko Udaleko zerrendak prestatzen
Batzarrek eta IU-NEBek osatutako koalizioko hautagaiak, Eginok, udal politika iraultzeko nahia agertu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu