Ezker abertzalea legeztatzeko eskatu dute Norvegiako 15 hautetsik

Patxi Lopezek dio ez dela nahikoa Alderdien Legea betetzen duten estatutuak aurkeztea ezker abertzaleak

Bilbo
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Herriarentzako bakea, demokrazia eta autodeterminazioa eskatu dute Red Patyko eta Socialist Left Partyko alderdietako hamabost hautetsi norvegiarrek. Zabaldutako agirian adierazi dute Gernika Sareko kide bilakatzeko borondatea, eta ezker abertzalea legeztatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Bat egin dute euskal alderdiek ETAri egin dioten su-eten iraunkor eta egiaztagarriaren eskariarekin, eta gatazka politikoa «indarkeriarik gabeko egoera demokratiko» batean konponduko dela diote oharrean.

Nazioarteko Eskubide Zibil eta Politikoen Akordioari helduz, Euskal Herriak autodeterminazio eskubidearen jabe izan behar duela azpimarratu dute. «Euskal jendarteari bere etorkizun politikoaren inguruan erabakitzeko aukerak eman behar zaizkio».

Biltzeko eskubidearen murrizketa salatu dute. «Borondate politikoa modu askean adieraztea eragoztea ez da onargarria estatu demokratiko batean».

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren iritzian, baina, «ezker abertzalea bide onetik ari da aurrerapausoak ematen, baina Alderdien Legea betetzen duten estatutuak aurkeztearekin ez da nahikoa, esandakoa egiaztatzen duten ekintzak behar dira».

Gaineratu duenez, ezker abertzalea demokraziaren parte izatea desio du. Horretarako, baina, ezinbestekotzat jo du ETArekin lotura guztiak haustea, eta atentatuak eta estortsioa gaitzestea. Era berean, helburu politikoak lortzeko indarkeria erabiltzea errefusatu beharraz mintzatu da: «Legeztatzeko, indarkeria betirako desagertzearen alde egin beharko dute lan».

Horren harira, Juanjo Agirrezabala EAko parlamentariak salatu du «hauteskunde interesa» dela gobernuak ezker abertzalearen legezkotasuna eskuratzeko oztopoak jartzearen arrazoia.

Gernikako Akordioa, AEBetara

Egunotan, bakegintzaren alde egindako akordioak azaltzen ari dira Mariano Alava,Maiorga Ramirez eta Fernando Ibilzieta EAko ordezkariak, Euskal HerrianNazioarteko Bake Institutuan (Estatu Batuak). Jakinarazi dutenez, hogei herrialderekin ari dira Gernika, lortu arte eta Miramar dokumentuak ezagutarazi eta eztabaidatzen.

«Nazioartearen ekintza eta konpromisoak beharrezkoak dira gatazka konpondu asmoz ikuspuntu objektibo bat emateko», nabarmendu du Ibilzietak.

Ramirezentzako ekonomikoki ere garrantzitsua da nazioartean hemengo berri zabaltzea. «Normalizazio politikoak irudia hobetzea ekarriko du, baita enpresa berriak erakartzea eta bertako produktuen atzerriko salmenta ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.