Ezker abertzaleak agertu du "interesez" jaso duela EAJk larunbatean Donostian aurkeztutako Batu Gaitezen ekimena, eta prest azaldu da harekin batera elkarlanean aritzeko. "Ekimen horrek erabakitze eskubidearen eta eskubide guztien errespetuaren inguruko indar metaketaren aldeko apustua egiten duen neurrian, EAJko Euzkadi Buru Batzarrarekin batera ekimenaren edukien eta sor litezkeen elkarlanerako esparru posibleen inguruan aritzeko bere prestutasuna adierazi nahi du era publikoan ezker abertzaleak", esan du honek gaur, prentsa ohar bidez.
Gipuzkoako EAJren egitasmoa da Batu Gaitezen, eta Joseba Egibar Gipuzku Buru Batzarreko presidenteak aurkeztu zuen larunbatean Donostian, Victoria Eugenia antzokian. Haren arabera, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko ezinbestekoa izango da "giza eskubide guztiak errespetatzea eta euskal gizartearen erabaki eskubidea bultzatzea", eta EAJ "oinarri etiko eta politiko" horiek aintzat hartuta ariko da. Egibarrek berak larunbatean Batu gaitezeniritzi artikulua idatzi zuen BERRIAn. "Giza eskubideak, bizitzarako eskubideak, aurrerabide eta justizia sozialak, gure Herria aitortu, onartu eta errespetatzeak esanahi berezia dute, politika mailakoa eta giza mailakoa: desio eta helburu indibidualak konpromiso antolatu bilakatze. Hauxe dugu Batu Gaitezen", zioen idatzian. Orobat, ETAren desagerpena eta Espainiako Alderdien Legearen indargabetzea eskatu zituen, eta gaurko Eusko Jaurlaritzaren lana kritikatu zuen.
Markel Olano (EAJ) Gipuzkoako ahaldun nagusia aste honetan Alderdien Legea bertan behera uztearen alde azaldu dela-eta ezker abertzaleak "oso era positiboan" hartu du haren jarrera.
politika
Ezker abertzalea prest azaldu da EAJrekin eskubide guztiei buruz elkarlanean aritzeko
"Interesez" hartu du Gipuzkoako EAJk larunbatean aurkeztutako 'Batu Gaitezen' ekimena, "erabakitze eskubidearen eta eskubide guztien errespetuaren inguruko indar metaketaren aldeko apustua egiten duelako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu