Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak euskal presoak gerturatzearen aldeko jarrera agertu izanak "aurrez aurre egiten du talka Espainiako Gobernuaren jarrerarekin", gaur ezker abertzaleak esan duenez, eta uste du Sarkozyk "aurrea hartu" diola Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari. "Espainiak, Euskal Herrian ireki den jokaleku berriaren aldeko neurriak edo pausoak eman beharrean, oraindik orain eskubideen urraketari eusten baitio argudio politiko bakar gisa. Horren adibide da, noski, euskal presoei modu kolektiboan ezartzen dieten salbuespenezko politika".
Maribi Ugarteburuk prentsaurrekoan esan du Raxoik "gai hori Sarkozyk planteatu duen termino beretan hartu" beharko lukeela, "behar diren neurriak hartuz preso politiko guztiak Euskal Herrira ekartzeko. Bestelako jarreran tematzea eutsi ezina da jada nazioarteko komunitatearen aurrean".
Frantziako presidenteak euskal lurralde elkargo baten sorrera ere ondo ikusiko lukeela esan zuen. "Urrats bat izango litzateke Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionalerako", adierazi du Ugarteburu ezker abertzaleko kideak. "Guztiz aldarrikapen transbertsala da hori, eta euskal herritarren artean guztiz sustraitua dagoena".