Ezin da ezker abertzaleari «soilik bide demokratiko eta baketsuen alde» egiteko eskatu eta, era berean, hura «itotzen saiatuz» politikan aritzea eragotzi. Ezker abertzalea politikan aritzeko modua egin behar dela esan du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta, zehazki, Alderdien Legea indargabetzeko eskatu du. Ezker abertzalea sistema demokratikoan txertatzen ez bada «oraindik ere» indarkeriaren alde egiten dutenei arrazoia ematen zaiela ohartarazi du. Gipuzkoako egoeraren inguruko eztabaida hasi zuten atzo Batzar Nagusietan. Ordu eta erdi inguruko hitzaldian egoera politikoari buruz aritu zen Olano, besteak beste, eta alderdien interesak alde batera utzi eta gizartearen interesen alde egiteko deia egin zuen, hala, «egoera itxaropentsu» honetan, bake bidean urratsak egiteko.
ETAk egindako urratsak nahikoak ez direla esan arren, aurrerapausoa direla eta balioa eman behar zaiela azpimarratu du. Politikari zenbaitek urrats horiek baloratu ez dituzten arren gizarteak balioa eman diela ohartarazi du, eta, haren arabera, gizarteak egoera bideratzeko eginahalak egiteko eskatzen die politikariei. Hargatik, «baliabide demokratikoa aktibatzearen» aldeko apustua egin behar dela adierazi du.
Izan ere, Olanoren iritzian, ez dago ETA bide polizialetik amaitzerik. Dioenez, erakunde armatuak «eraso ekintza armatuen etena» erabaki izana bi oinarritako testuinguruan kokatu behar da: gizarteak ETAri «aurre egin» izana batetik, eta ezker abertzaleak jarduera armatua baztertzeko eskatu izana bestetik. «Lan polizial eraginkorra» behar den arren ETA amaitzeko duen babesa bukatu behar dela iritzi dio. Olanok argi dauka ETAk behin betiko utzi behar duela borroka armatua, inolako ordain politikorik jaso gabe, baina erakunde armatuarekin hitz egitearen aldekoa da. Elkarrizketa «indarkeria amaitzeko lanabes garrantzitsua» beti izan dela ekarri du gogora, eta egoera honetan zergatik ez duen balio galdera jaurti du.
Indarkeriarik gabeko egoerara iritsitakoan adiskidetzearen alde lan egin behar da, Olanoren hitzetan. Horren abiapuntu biktimek izan behar dutela nabarmendu du. «Haiek dira gehien sufritu dutenak, eta guztiok geure egin behar dugu haien mina».
Nolanahi ere, Euskal Herrian konpondu beharreko arazo politiko bat dagoela nabarmendu du ahaldun nagusi jeltzaleak. «Hori ez onartzeak ez du arazoa desagertzen». Euskal Herria erabakitzeko eskubidea duen subjektu bat dela onartu behar du Espainiako Estatuak, haren hitzetan. Estatuak «desegonkortasun politikoa» mantentzea galarazi beharreko gauza dela dio, eta beharrezkotzat jo du egoera berri bat.
Besteak beste, Joseba Egibar GBBko burua eta Jokin Bildarratz Tolosako alkatea aurrean zituela egin zituen hitzok atzo Olanok. Gaur taldeek erantzungo diote Olanori. Ostiralera arte mozioak aurkezteko aukera izango dute talde horiek, eta egun horretan haiek bozkatuta amaituko dute eztabaida.
Ezker abertzalea sistema demokratikoan txertatu behar dela dio Markel Olanok
Gipuzkoako ahaldun nagusia «baliabide demokratikoak» aktibatzearen alde mintzatu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu