Ezker abertzalea ziur da ETAk baikor erantzungo diola Gernikako Itunari

Pello Urizarrek dio ezker abertzalearekin koalizioan joateko prest dagoela EA, baldintzak izanez gero

Erredakzioa
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
ETAk baikor erantzungo dio Gernikako Akordioari. Hala uste du Miren Legorburuk, ezker abertzaleko ordezkariak. Erakunde armatuaren azken agiriak ikusirik, Legorburu ziur da orain aintzat hartuko duela Gernikako Akordioak su-eten iraunkorra eta egiaztagarria emateko egindako eskaera. Nolanahi ere, zehaztu du erabaki hori ez dagoela ezker abertzalearen esku.

Bake prozesuak aurrera egin dezan Gernikako itunaren puntu guztiak betetzea ezinbestekoa dela azpimarratu du ezker abertzaleko ordezkariak.

Pello Urizar EAko idazkari nagusia ere balizko su-eten baten inguruan mintzatu da.Urizarrek ez du zalantzarik ETAk baikor erantzungo diola su-eten iraunkorra eta egiaztagarria emateko eskariari. Ziur da erakunde armatuak ez duela prozesua baldintzatuko, uste duelako ezker abertzaleak egindako urratsak «atzera bueltarik» ez duela eta haren apustua irmoa dela. Horrexek ahalbidetu du, hain justu, EAren eta ezker abertzalearen arteko elkarlana, haren esanetan.

Hauteskundeez harago

Herri Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Urizarrek azpimarratu du EA eta ezker abertzalearen arteko akordioa «luzera begirakoa, sakona eta estrategikoa» dela, eta hauteskundeetatik harago doala. Nolanahi ere, Urizarrek esan du EA «bere ekarpena» egiteko prest egongo dela 2011ko udal eta foru hauteskundeetan bi alderdiok koalizioan joateko baldintzak betez gero. Baina argi utzi du bi alderdion apustu estrategikoa ez dela hauteskundeen menpe egon behar.

Urizarrek uste du ezker abertzaleak alderdi bat sortzeko urtarrilean aurkeztuko dituen estatutuek agerian utziko dutela bide politikoen aldeko konpromisoa duela, eta edozein alderdik duenaren parekoa izango dela haren konpromisoa. Beraz, Alderdien Legea betetzen badu, hauteskundeetan parte hartzeko inolako arazorik ez duela izango iritzi dio. Areago, Urizarrek argi dauka bide politikoa sustatu eta emaitzak lortzen diren unean bertan «bide armatuari ateak itxi» egingo zaizkiola.

2011n Jaurlaritzak bake prozesuarekin engaiatzea espero duela esan du. Izan ere, Urizarrek salatu du orain arte Lopezen gobernuak ez duela ekimenik hartu bakearen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.