Ezker abertzaleak alderdi berria erregistratu du

'Abertzale Sozialisten Batasuna' izena du. Ezker abertzaleko ordezkariek gaur arratsaldean aurkeztu dute dokumentazioa Espainiako Barne Ministerioan, Marije Fullaondoren izenean. Alderdiak estatutuetan "bide politiko demokratikoak soilik" erabiltzeko apustua egiten du.

2007ko martxoaren 27a
19:18
Entzun
Ezker abertzaleak alderdi berria erregistratu du gaur arratsaldean Espainiako Barne Ministerioan: Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB). Ezker abertzaleko ordezkariek gaur arratsaldean aurkeztu dute dokumentazioa, Marije Fullaondoren izenean. Gara.net webguneak dioenez, berriz, alderdiak, estatutuetan jartzen duenez, "bide politiko demokratikoak soilik" erabiltzeko apustua egiten du, "ezker abertzalearen helburu historikoak lortzeko helburuarekin: independentzia eta sozialismoa".

Espainiako Gobernuko iturriek esan dute zehatz-mehatz aztertuko dituztela ASBren estatutuak, Alderdien Legea betetzen duen-ez jakiteko.

Maiatzaren 27ko foru eta udal hauteskundeetan parte hartzeko alderdi berriaz dokumentazioa aurkezteko epea bihar bukatuko da, eta ASBko ordezkariek gaur eraman dute dokumentazioa Barne Ministeriora. Estatutuak aurkeztu dituzte, alderdiaren izena ere bai eta, Ser Espainiako irrati katearen arabera, bertako ordezkariak apirilaren 21ean aurkeztuko dituzte.

Fullaondo Herritarren Zerrendaren (HZ) Hego Euskal Herriko zerrendaburua izan zen 2004an Europako hauteskundeetan. Espainiako Auzitegi Gorenak balio gabe utzi zuen HZ, "ETA eta legez kanpoko alderdiak HZ politikoki, sozialki eta ekonomikoki laguntzen" ari zirelakoan. Urte hartako maiatzean aurkeztu zuten HZ, 49.000 sinaduren babesarekin.

Ezker abertzaleak larunbat honetan Barakaldon (Bizkaia), BECen, ekitaldi politikoa dauka, "hauteskundeetako programa aurkezteko". 17:30ean hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.