Ezker abertzaleak Amaiur indar bozkatuena izateko itxaropena agertu du

Aitortu du Madrilen lan zaila izango dutela, "ondorengo gobernuak ere ziurrenik blokeoarekin jarraitzeko hautua egingo dutelako. Soilik autodeterminazioaren aldeko herriaren indarretik mugitu ahal izango dugu estatua behin betiko konponbidera".

2011ko azaroaren 8a
15:30
Entzun

Ezker abertzalea itxaropentsu agertu da gaur Donostian egin duen agerraldian, azaroaren 20an Espainiako hauteskundeetan "ezkerreko independentismoa Hego Euskal Herrian indar bozkatuena gerta daitekeelako". Ezker abertzaleak berak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatzen dute Amaiur koalizioa. "Aukera handia dugu, eta anbizio osoz aurre egin behar diogu", esan du Rufi Etxeberriak aipatutako agerraldian.

Euskal Herria "bidegurutzean" dagoela iritzi dio ezker abertzaleak, eta "gure herria murgildurik dagoen aldaketan beste jauzi handi bat" eman nahi du Amaiurren bidez, Madrilen lan zaila izango dutela aitortu arren. "Erabat jakitun gara Madrilen aurkituko dugun errealitateaz: bere eredu konstituzional eta estatutarioaren krisi itzulezinean murgildutako estatu bat, egoera ekonomikoarengatik larriagotua, Espainiaren ongizate ekonomiko eta politikoa kinka larrian jartzeraino. Horrekin guztiarekin batera, Euskal Herriari nazio gisa izateko eta erabakitzeko dagozkion eskubideak ukatzen jarraitzen duen estatu bat aurkituko dugu Madrilen. Badakigu ez dela bide erraza izango, ondorengo gobernuak ere ziurrenik blokeoarekin jarraitzeko hautua egingo dutelako. Soilik autodeterminazioaren aldeko herriaren indarretik mugitu ahal izango dugu estatua behin betiko konponbideen eszenatokira".

PP, UPN, PSOE eta EAJren "ekonomia alorreko eskaintza pozoitsua" dela deritzo, "indar haiek baitira krisiaren ondorioz eskubide sozial eta laboralak agortzen eta herri hau hondamendi ekonomikora eramaten ari direnak". Amaiur horri aurre egiteko ere badago, ezker abertzalearen arabera.

"Amaiurri botoa emanez Euskal Herria da garaile ateratzen dena", ondorioztatu du.

Larunbatean koalizioak Donostiako Belodromoan egingo duen ekitaldira joatera dei egin du Etxeberriak.

Bihar Aralar, NaBai eta Bilduko hainbat hautetsiren deia

Aralar, NaBai eta Bilduko hainbat hautetsik agerraldia egingo dute bihar, Belodromoko ekitaldian parte hartzeko eta botoa Amaiurri emateko eskatzeko. Donostian prentsaurrekoa emango dute, Hesperia hotelean, 11:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.