Datorren astelehenean, otsailaren 16an, bi elkarretaratzetan parte hartzeko deia egin du ezker abertzaleak. Bata Bilboko Moyua plazan Espainiako ordezkaritzaren aurrean izango da eta bestea Frantziako Suprefekturak Baionan duen egoitzaren aurrean. Martxoaren lehenetik aurrera, kontzentrazioak egingo dituzte Euskal Herriko herrietan, hamabostean behin.
'Euskal Herria, aitortu errespetatu' goiburuaz gain, bestelako mezuak ere zabalduko dituzte, "zoritxarrez Euskal Herrian ematen diren beste eskubide urraketa batzuk salatzeko", esan du Joseba Permachek. "Euskal Herria bizitzen ari den egoera salatzeko jarri dugu martxan dinamika hau, argi baitago Espainiak eta Frantziak apustu errepresibo, faxista eta jakobinoa egin dutela azken urteetan gure herriaren aurka", nabarmendu du.
"Hauteskundeetara aurkezteko eskubiderik ez"
Martxoaren leheneko mobilizazioa hauteskude kanpainaren barrenean kokatu du Batasuneko kideak, "ezker abertzaleak, beste behin, ez baitu aurkezteko eskubiderik izango". Hala ere, hauteskundeetan parte hartzeko asmoa dutela iragarri du. "Boto paperetan argi azaltzen dugu zeintzuk diren herri hau jasaten ari den erasoak".
"Egun horretako mobilizazioaz gain, martxoaren 14ean eraso horiei guztiei erantzuna emateko aukera dugu", azpimarratu du Permachek.
Mobilizazio kanpaina
Ezker abertzaleak "apartheidaren aurkako" mobilizazioak egiteari ekingo dio hilaren 16an
Joseba Permach Sozialista Abertzaleak taldeko parlamentarioak iragarri duenez, ezker abertzaleak "apartheid politikoa" salatzeko hainbat mobilizazio egingo ditu martxoaren 14ko Espainiako hauteskunde orokorren harira. 'Euskal Herria, aitortu errespetatu' goiburua izango dute ekimen horiek, besteen artean. "Espainiako eta Frantziako erasoen aurrean, Euskal Herria existitzen dela eta bakean bizitzeko eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatu behar dugu", azpimarratu du Permachek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu