Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, Alternatibak eta Abertzaleen Batasunak “modu iraunkor eta sakonean elkarlanerako engaiamendua” hartu dute gaur, elkarrekin Baionan egindako agerraldian. Lehen aldiz agertu dira bost alderdiak batera. Agerraldian ezker abertzaleko Maribi Ugarteburuk eta Xabi Larraldek, Aralarreko Rebeka Uberak eta Dani Maeztuk, EAko Pello Urizarrek eta Mattin Etxeparek, Alternatibako Oskar Matutek eta Josu Estarronak eta ABko Mertxe Colinak eta Joseba Garaik parte hartu dute.
“Indarrak biltzearen aldeko apustu sendoa eta estrategikoaren aldeko hautua” egin dute, “bakean, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko”.
Horretarako, lehen helburutzat jo dute luze gabe aldaketa politiko eta sozialerako ezkerreko independentisten eta subiranisten arteko akordio estrategiko nazionala landu eta adostea.
Horrekin batera, Euskal Herrian “zabaltzen ari den fase politiko berria baloratu” egin dute, eta garai hori erabakigarria ikusten dute “gatazka politikoa konpontzeko eta haren eraikuntza nazionalaren zein eraldaketa sozialaren bultzatzeko”. Helburu horiek lortzeko, ordea, “oztopoak” daude bidean, haien arabera.
Batetik, sistema kapitalista “menderatzailea” salatu dute, eta horrek gizartearen “eskubide pertsonal zein kolektiboak higatu” egiten dituela. Bestetik, Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera gaitzesi dute; horien “urraketa demokratikoak, blokeatze instituzionala eta mota anitzeko errepresioa”, besteak beste.
Urratzen diren eskubideen artean, bereziki aipatu dute hizkuntza eskubidea. Euskara Euskal Herriaren “herrialde guztietan” aitortua ez dela salatu dute. Horregatik, esparru guztietan eta lurralde guztietan “modu normalizatuan” erabiltzeko eskubidea aldarrikatuko dute.
Beste lankidetzak
2010eko ekainean ezker abertzaleak eta EAk akordio estrategikoa sinatu zuten, eta urte bereko abenduan Alternatibak eta hirurek Euskal Herria Ezkerretik agiria.
Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba Bildu koalizioan daude, Aralar eta laurak Amaiurren, eta AB, EA eta Batasuna EH Bain. Bost eragileek Gernikako Akordioa sinatu zuten 2010eko urrian.