Politika

Ezker abertzaleak azpimarratu du Euskal Herria nazio gisa aitortua izan arte borrokan segituko duela

Errepresioa eta auzitegien erabakiak salatzeko asmoz, ehun lagun pasak agerraldia egin dute gaur arratsaldean Usurbilgo udaletxearen aurrean, eta asteburuetako mobilizazioetan parte hartzeko eskatu dute.

2008ko irailaren 18a
18:52
Entzun
Espainiako Estatuak ezker abertzalearen "proiektu independentista eta sozialista suntsitu" egin nahi duela adierazi dute gaur Usurbilen (Gipuzkoa) arlo horretako ehun lagun pasak, eta Euskal Herria nazio gisa aitortua izan arte eta euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea eduki arte "erakundeetatik ere lanean eta borrokan" jarraituko duela ezker abertzaleak.

Usurbilgo udaletxearen aurrean agerraldia egin dute, arratsaldean, Espainiako auzitegien erabakiak salatzeko eta aurrera begirako jokabidea azpimarratzeko asmoz. "Gure herria ezkerretik eraikitzeko lanean ari gara eta ariko gara", esan du Itziar Lopategik ezker abertzalearen izenean. Marine Pueyok ere hartu du hitza.

Hain zuzen, Espainiako Auzitegi Gorenak asteartean EAE-ANV legez kanpo utzi zuen, eta atzo Auzitegi Nazionalak utzi zituen hala Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna, hirurak ere "erakunde terroristak" direlakoan. Hirurak desegiteko eta haien ondasun denak likidatzeko agindua ere eman dute. Aurreko urteetan ezker abertzaleko beste hainbat erakunde jo izan dituzte legez kanpo edo baliogabe.

Espainiako berri agentziek gaur arratsaldean zabaldu dutenez, baliteke Gorenak bihar jakinaraztea EHAK alderdi politikoa legez kanpo uzten duen edo ez. Epaileak atzo hasi ziren defentsaren alegazioak aztertzen.

"Errepresioa" eta auzitegien erabakiak salatzeko asteburu honetan herrietan mobilizazioak egiteko dei egin du ezker abertzaleak, eta beraietan "erantzun zabala" emateko. Salbuespen egoerari stop! Euskal Herriak autodeterminazioa lelopean egingo dituzte ekimenak.

EAJ ere kritikatu dute gaur, "Espainiako Estatuari leial zaiolako". "Negozioak" egitea egotzi diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.