Bateragune auziko defentsak jarritako errekurtsoan oinarrituz, ezker abertzaleak Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta aske uzteko eskatu du gaur. Ohar baten bidez jakinarazi du Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra "gezur juridiko hutsa" dela, eta sententzia horren jatorrian PSOE eta PP alderdien "inpultso politikoa" dagoela: "Bi alderdi hauek agenda juridikoa xede batekin baliatzen ari dira: herri honetan egiten ari garen aurrerapausoak zangotrabatu eta baldintzatzea".
Gainera, Antonio Basagoiti PPko buruaren hitzak kritikatu ditu ezker abertzaleak; adierazpen batzuetan Otegi ez zela bake gizona esan zuen horrek. "Noski Arnaldo Otegi bake gizona dela, Bateragune auzian espetxeraturik jarraitzen duten gainerako guztiak bezalatsu, eta sinesgarritasun osoa jaso dute herri honetan bakegintzan eta konponbideen alorrean lanean ari diren sektore politiko, sindikal eta sozial guztien aldetik".
Jarrera horiek euskal herritarren gehiengo sozialaren nahiaren aurkakoak direla esan du, eta Batasuna legeztatzeko eskatu du. "Gure herrian sortutako egoera berri honetan ez dago lekurik bakea eta konponbidea eragotzi nahi duten agenda politiko eta judizialentzat". Bateragune auzian espetxeratutakoen askatasuna eskatu du, "herri honen eraikuntza demokratikora bil daitezen, aurretik egindako guztiari etorkizuneko beren ekarpena gehituz".