Ezker abertzaleak urtarril amaieran aurkeztuko duen indar politiko berriak «bere estatutu propioak» izango ditu, eta ez dira beste ezein alderdirenen «kopiak» izango, atzo Rufi Etxeberriak azpimarratu zuenez. Estatutu horiek, lehendik ere iragarri duten bezala, egungo legedia beteko dute, eta ezker abertzalean ez dute aurreikusten hura legalizatzea ez den beste aukerarik, «ezker abertzaleak eskubidea duelako eta ilegalizazioen zikloa amaitu behar delako». Radio Euskadin egin zituen adierazpen horiek Etxeberriak, urte eta erdiko betoa kendu, eta EITBn ezker abertzaleko kide bat elkarrizketatu duten lehen aldian.
Proiektu politiko eta antolaketa berria ezker abertzalearen barnean «mugarri» izango dela nabarmendu zuen Etxeberriak, eta «ezker abertzalearen dinamika politikoan eta ekintza dinamikan» aro berri bat irekiko duela. «Funtzionamendu demokratikoa» eta «bide politiko eta demokratiko soilen aldeko apustua» izango dira alderdi berriaren oinarriak.
Gernikako Akordioa hizpide hartuta, Etxeberriak ezker abertzalearen konpromisoa berretsi zuen indar politiko, sindikal eta sozialek Gernikan hitzartutakoa amaieraraino eramateko. Akordio horrek eta Bruselako Adierazpenak ETAri eginiko eskakizunei dagokienez, Etxeberriak esan zuen espero duela talde armatuak eskakizun horiek guztiak beteko dituela. Haren aburuz, gainera, eskakizun horiek betetzea «borroka armatua behin betiko gainditzeko seinale garbia» litzateke. ETAk eskakizunen azpiko erantzuna emango balu, ordea, ezker abertzaleak denak bete ditzan eskatzen jarraituko duela esan zuen Etxeberriak, Espainiako Gobernuari ere «indarkeria eta mehatxu guztiak desagerrarazteko eta Euskal Herrian hitzartutakoa errespetatzeko» eskatuko dion bezala.
Ezker abertzaleak «bere estatutuak» aurkeztuko ditu, «ez kopiak»
ETAk Gernikako eta Bruselako «eskakizun guztiak» aseko dituela espero du Rufi Etxeberriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu