Ezker abertzalearen iritziz, Jose Maria Bravo Gipuzkoako Ogasuneko Irungo bulegoko zuzendari ohiaren aurkako epaiak "oso jokamolde larria zigortu du, Bravok instituzio publikoak lapurretarako eta aberasteko baliatu izan zituelako". Gainera, ezker abertzaleak dio ezin dela "ahaztu" hura "EAJren aginduetara" aritu zela.
"Egun porrot egin duen eredu politikoak ahalbideratu du horrelakoak gertatzea", uste du ezker abertzaleak, eta eredu horren adibide batzuk aipatu ditu: "Europak zigortutako opor fiskalen kasua, Kutxabank erakusten ari dena, Bidegiren zulo ekonomiko ikaragarria...".
Bravoren aurkako epaiaren ondoren "ardura politikoak eta erantzukizunak eskatzeko ordua" ere badela dio.