politika

Ezker abertzaleak dio "gatazkaren konponbiderako baldintzak" daudela

Espainiako gobernu berriari esan dio "aukera historikoa" daukala. Lehen urratsa espetxe politikaren etetea izan behar dela uste du.

2011ko abenduaren 28a
13:35
Entzun

ETAk borroka armatua bukatutzat eman duelako, ETAk desarmerako eta konfrontazio armatuaren aroaren amaierarako "borondate argia" adierazi duelako, euskal gizarteak indarkeriazko konfrontazioa gainditzeko "nahia" eta bakeranzko aurrerapausoak emateko "exijentzia" duelako, eta konponbide prozesuan nazioarteko komunitateak "inplikazioa" agertu duelako, ezker abertzaleak azpimarratu du "gaur egun gatazka politiko historikoaren konponbiderako nahikoa baldintza" badela.

Ondorioz, Espainiako gobernu berriari (PP) esan dio "aukera historikoa" daukala "konfrontazio armatuaren zikloaren behin betiko amaierari erantzunkizunez aurre egiteko. Ezin du aukera hau galdu".

Ezker abertzaleak berriro adierazi du orain lehentasuna "gatazkaren ondorio guztiei" eustea dela, eta euskal presoen egoera konpontzeko exijitu du. "Lehen urratsa espetxe politikaren etetea izan behar da", presoak Euskal Herriratuz edota gaixotasun larriak dituztenak askatuz, "nahiz eta nahikoa ez izan".

"Giza arrazoiengatik ez ezik, hori arrazoi politikoak medio ere aldarrikatzen du euskal jendarteak. Izan ere, presoak gatazka politikoaren ondorio dira eta haiek konponbide prozesuan parte hartzea ezinbestekoa da. Espetxeetako egoera errotik aldatzeak normalizazio politiko eta demokratikoan aurrera egitea ahalbidetuko luke", adierazi du Maribi Ugarteburuk gaur, ezker abertzaleak Donostian emandako prentsaurrekoan.

Euskal presoen eskubideen alde urtarrilaren 7an Bilbon izango den mobilizazioan parte hartzeko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.