ETA-ren agiria

Ezker abertzaleak elkarrizketa politikoa bideratzeko borondate "osoa" adierazi du

Bilduk aurrerapausoak ematera dei egin die eragile guztiei. Patxi Lopezek eta Iñigo Urkulluk indarkeria behin betiko uzten duela iragartzeko eskatu diote ETAri.

2011ko uztailaren 13a
17:41
Entzun

Ezker abertzaleak "oso positiboki" baloratu du ETAk jakitera eman duen azken agiria. Bere borondatea berriro argi utzi duela nabarmendu du ezker abertzaleak, eta salatu egin du bitartean Espainiak eta Frantziak "aro berriarekiko blokeo eta itxierarekin jarraitzea"; aro hori baldintzatu nahian dabiltzala esan du ohar baten bidez.

"Zentzu horretan, jarrera oztopatzailea alboratzeko eta gatazka politikoaren behin betiko konponbiderako prozesuan inplikatzeko deia luzatzen die ezker abertzaleak bi Estatuei eta 'Soluzio Ezaren' blokea osatzen duten eragile politikoei". Bere aldetik, elkarrizketa politikoa bideratzeko bere borondate osoa adierazi du ezker abertzaleak. 

ETAren atzoko agiriak bakerako urratsak emateko aukera berretsi duela azaldu du Bildu koalizioak gaur, eta hori aintzat hartuta aurrerapausoak ematera deitu ditu "konponbidean inplikaturik dauden eragile guztiak, abagune hau baliatu eta behin betiko bakea eta herri honetara benetako demokrazia ekarriko duen normalizazio politikoa lortzeko".

"Gernikako Akordioaren sinatzaileak garen neurrian, Bildu osatzen dugun alderdiok eta sentsibilitateok lehentasuntzat jotzen dugu alde guztiek zabaldu den eta jendartearen gehiengoaren babesa duen prozesuan sakon dezatela", jakinarazi du Bilduk ohar baten bidez. ETAk su-etena berretsita Espainiako Gobernuari "prozesua abiatuz geroztik erakutsi duen inmobilismoa bertan behera" utz dezala eskatu dio, gizartearen gehiengoaren eskariarekin bat eginez.

Azkenik, koalizioak adierazi du azkeneko hauteskundeetan euskal herritarrek emandako 300.000 boz baino gehiagok, besteak beste, bakearekiko eta gatazka politikoaren konponbidearekiko konpromisoari erantzun diotela. "Bilduk bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi egiten du, Euskal Herria aldaketa prozesu garrantzitsu batean murgildurik dagoela eta guztiok neurria eman behar dugula jabeturik".

Gipuzkoako Diputazioko bozeramaile Larraitz Ugartek positiboki baloratu du agiria, urtarrilean erabakitako su-etenaren bidetik doala argudiatuz. "Guztiok inplikatu behar dugu gehiago prozesu honetan" esan du.

Patxi Lopez: "ETA izate hutsa mehatxua da gu guztiontzat"

Patxi Lopez lehendakariak esan du ez dakiela zeren zain dagoen ezker abertzalea ETAren desagertzea eskatzeko, "indarkeria soberan dagoela eta traba dela pentsatzen badu". Lopezen hitzetan ETAren amaiera eskatzea da euskal gizarteak behar duena eta espero duena. "Topikoa dirudien arren, ez da hau espero genuen agiria, ez baitu ETAren amaiera iragartzen". Lehendakariaren hitzetan "euskal herritarrentzat berdin dira hiltzen duen ETA eta hil ez arren euskal gizartea zuzendu nahi duen ETA". "Guztiok espero duguna behin betiko desagertzea da, izate hutsa gu guztiontzat mehatxua baita".

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak esan du ez duela ETAren agirian ezer berririk ikusten, eta espero duen agiri bakarra ETAk indarkeria betiko uzten duela iragartzen duena dela. Gainera, esan du gaur egungo egoera Zuzenbide estatuaren presioak eragin duela, "azken finean, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlariatzaren terrorismoaren aurkako politikak eragindakoa da".

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak esan du ETAren agiriak ez duela ezer berririk esaten, baina gaur egungo egoeran bakerako aukera dagoela esatea positiboki baloratu du, "nahiz eta gauza positibo bakarrenetako bat" izan bere hitzetan. Agirian Bilduren emaitzak bere gain hartu dituela ETAk dio Pastorrek, eta hori irrigarria iruditu zaio. "Hauteskundeetako emaitzen meritua eta normaltasuna Zuzenbide estatuaren sendotasunari zor zaio, Espainiako Gobernuari eta Jaurlaritzari, euskal gizartearen kontzientzia sozialari eta alderdi guztien jarrerari", gaineratu du. Bide batez, ETArekin negoziazio posiblerik ez dagoela esan du, "ez gobernu honekin ezta beste batekin ere".

Antonio Hernando Espainiako Barne Ministerioko bozeramaileak (PSOE) esan du agiriak ez duela berritik ezer, eta Espainiako Gobernua egin beharrekoa egiten ari dela, "atzo aurkitu ziren zuloak erakusten duten moduan". "Politika horri esker ETA azkenetan da". PPk eta UPDk Bildu legez kanporatzeko eskatu dute, eta Hernandok erantzun die epaileek eman zutela koalizioaren gaineko euren iritzia eta hori errespetatu behar dela "Bilduk legea urratzen ez duen bitartean".

Iñigo Urkullu: "Ezker abertzaleak bide politikoen apostuan aurrerapausoak eman ditzan babesa eskaini dezake"

Iñigo Urkullu EAJko presidenteak arbuiatu egin du ETAren agiria, eta esan du gauza positibo bakarra duela, ezker abertzaleak bide politikoen apostuan aurrerapausoak eman ditzan babesa eskaini dezakeela. "Apustu hori, hala ere, orain dela 34 urte egin zezakeen eta orain badirudi, 34 urte geroago, besteok eurak txalotu behar ditugula, ahaztuta 34 urtez euskal gizarteari zor dizkioten pausoak direla ematen ari direnak, 34 urte hauetan bizi behar izan duenagatik". Gainerakoan, ETAren agiria "arbuiagarria" dela esan du: "Iraingarria da ETAk, ilegalizazioaren auzian, garaipen ideologiko eta politiko bat berak lortu duela esatea", adierazi du Urkulluk. Txalotuko duten ETAren agiri bakarra indarkeria behin betiko uzten duela iragartzen duena izango dela azpimarratu du Urkulluk.

Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak esan du agiria irakurri ondoren, datorren urteko hauteskundeak irabazten badituzte PPk Bildu legez kanporatuko duela. "Onartezina da gauza bera direla hain garbi uzten duen adierazpena". Mariano Rajoy PPko presidenteak orain dela gutxi iragarri zuen moduan, legea aldatzeko modua badagoela esan du Cospedalek, Alderdien Legea baliatuz, eta era horretan "hautagaitzak bakarrik ez, dagoeneko eratu diren gobernuak" inpugnatuko dituztela aurreratu du. "Bideak hor daudela uste du PPk. Hainbatetan esan dugu, eta, zalantzarik gabe, egin beharreko ikerketak eginda, makina martxan jarri eta egin beharrekoa egingo dugu", adierazi du.

Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak atzo baikor azaldu zen ETAren agiriaren berri jakin ostean, “bake eta askatasun agertoki bat eraikitzeko bidean sakontzeko prestutasuna” agertu duelako. Matutek bat dator maiatzeko hauteskundeek eszenatoki berri “erabat desberdina” irudikatu dutela baieztatzeko orduan eta Espainiako Gobernuari zein ETAri “prozesuaren protagonismoa herritarrengan” utz dezatela eskatu die: “M22ko emaitzek argi eta garbi utzi dute euskal gizarteak ez duela inoren gidaritzarik behar bere etorkizuna eraikitzeko, bakean eta ezkerra zein subiranotasunaren bidetik”.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.