Ezker abertzaleak esan du "erreferentzia" dela Kataluniako burujabetza adierazpena

2013ko urtarrilaren 24a
16:18
Entzun

Pernando Barrena ezker abertzeko bozeramaileak agerraldi bat egin du gaur, atzo Kataluniako Parlamentuak onartutako subiranotasun adierazpenaren inguruko balorazioa egiteko. Azaldu duenez, atzokoa "balio politiko handiko ekimen historikoa da", eta "erreferentzia" da ezker abertzalearentzat.

"Jendarte katalanari dagokio bere etorkizunaz libreki erabakitzea, egokien deritzon era eta moldeetan eta inolako kanpo mugapenik gabe", esan du Barrenak, eta erantsi du euskal herritarrei ere hala egitea dagokiela: "euskal herritarrok erabakitze subjektuak gara, eta gure etorkizuna era askean erabaki behar dugu".

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, esan du "demokrata" gisa errespetatu egiten duela atzo Kataluniako Parlamentuak onartutako subiranotasun adierazpena, eta errespetua eskatu du erabaki horren aurrean. Urkulluk nabarmendu du "Euskadi eta Katalunia bi errealitate nazional" direla, baina gaineratu du bakoitzak bere bidea egin behar duela.

Alternatibak, berriz, Kataluniako Parlamentua zoriondu eta alderdiak Espainiaren aurrean "desobeditzera" deitu ditu. Alternatibako bozeramaile Jonathan Martinezek Kataluniako Parlamentua zoriondu du gaur, "bere subiranotasunaren defentsaren alde" egin duelako. “Espainiako Estatuak aurretik urratu duen subiranotasuna, hain zuzen, Estatut berria Kataluniako Legebiltzarrean onartu zen arren azkenean murriztu eta edukirik gabe utzi zutelako”, esan du.

Emandako "demokrazia lezioagatik" zoriondu du EAk Kataluniako Parlamentua. Atzoko subiranotasun adierazpena historikotzat jo du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, eta nabarmendu du abiatutako prozesua "herritarren agindu zuzena" dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.