Ezker abertzaleak bat egin du AHT Gelditu! Elkarlanak larunbatean Gasteizen deitu duen manifestazioarekin. Urbina berreskuratu, AHT gelditu! Epaiketarik ez!" izango da leloa. eta AHTaren lanak gelditzeko adina argudio badirela uste du ezker abertzaleak, ohar baten bidez jakinarazi duenez. Datorren asteazkeanean epaituko dituzte 2009ko urtarrilean Urbinan (Araba) egin zen manifestazioan Ertzaintzak atxilotutako sei lagunen aurkako epaiketa, eta manifestazioa atzo deitu zuten sei horiei babesa emateko.
"Testuinguru sozioekonomiko larri honetan, AHTa 'estrategikotzat' jotzen den proiektua dela entzuten dugu behin eta berriz, PSOE, PP eta EAJren ahotan. Milaka milioi erabiltzen dituzte krisia eta langabezia konpondu ez eta gure lurra hautsiko duen proiektua bultzatzen. Alderdi horiek AHTaren delako 'estrategikotasuna' datu errealekin eta eztabaida publikoari ihes egin gabe argudiatu beharko lukete', dio ezker abertzalearen oharrak.
Gaineratu duenez, azpiegitura horrek "komunikazioa erraztu beharrean, herri eta hiriak beraien artean inkomunikatu eta isolatu egingo ditu, bertakotasuna bermatzen duen tren-garraio bazter batera utzi eta gutxiengo batek erabiltzen duen desplazamendu luzeko garraio mota lehenetsiz". Ezker abertzaleak AHTaren inguruko eztabaida zabaldu eta herritarren hitza eta erabakia errespetatzeko eskatu du.
Aralarrek ere bat egin du etziko martxarekin. Poliziak egun hartan egindako jazarpena eta bortizkeria salatu ditu Aralarrek, eta urriaren 5ean Gasteizko Lurralde Auzitegian epaituko dituzte pertsonei elkartasuna adierazi die. "Poliziaren bortizkeriak eta horrelako epaiketek isilarazi egin nahi dute azpiegitura handiak eraikitzearen aurkako oposizioa. Hain zuzen ere, tankera horretako egitasmoak adostasun zabalik gabe eta informaziorik gabe eraikitzen ari dira".