POLITIKA

"Ezker abertzaleak eta ETAk eginiko gizateriaren aurkako krimenak" gaitzetsi ditu Nafarroako Parlamentuak

Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu du, eta otsailaren 11 izendatu du "ETArengatik derrigorrean desplazatutakoen eta gizateriaren aurkako haren krimenen biktimen oroimenerako eguna".

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkura bat. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
2015eko martxoaren 17a
17:13
Entzun

UPN, PSN eta PPNren babesarekin onartu dute adierazpena, eta kontra bozkatu dute Bilduk, Aralar-Nabaik eta Ezkerrak. Zehazki, parlamentuak "aitortu eta gaitzetsi" egin du "ezker abertzaleak eta haren adar armatu ETAk Euskal Herrian eta Nafarroan eginiko garbiketa nazionala, gizateriaren kontrako krimenak eta genozidio ekintzak". Halaber, elkartasuna adierazi die biktimei.

Otsailaren 11ko eguna izendatuta, "krimen horiek ahaztuak izatea eta berriro errepikatzea" saihestu nahi du parlamentuak. Horrez gain, Nafarroako Hezkuntza Departamentuari eskatu dio "beharrezko neurriak" har ditzala material didaktikoan "ezker abertzalearen genozidio ekintza eta gizateriaren aurkako krimen guztien kontakizuna" txertatzeko.

Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztu zion proposamena Nafarroako Parlamentuari. Bilduk eta Aralar-Nabaik zuzenketa bat proposatu dute adierazpenean, parlamentuak "motibazio politikoko indarkeria ororen biktima guztiei elkartasuna" adierazteko. Zuzenketan, bi taldeek proposatu dute parlamentuak "bide soilik politikoen erabileraren beharra" aitortzea. Zuzenketa hori baztertu du Bozeramaileen Batzordeak, PPN, UPN eta PSNk kontra eginda.

Ezkerrak aurkeztutako adierazpen bat ere onartu du Nafarroako Parlamentuak, ETAren "indarkeria terrorista gaitzetsiz" eta erakundeari desegiteko eskatuz. UPN, PSN, PPN eta Ezkerraren botoekin onartu dute adierazpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.