Ezker abertzaleak «eustormarik» ez eraikitzeko eskatu dio Barcinari

Adierazi dio beldurrik ez diela izan behar «elkarrizketari, eztabaidari eta nafarren borondateari»

Erredakzioa
Iruñea
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak Nafarroako lehendakari Yolanda Barcinari eskatu dio bere herritarrei «entzun» diezaiela, Madriletik «lortuko duen gauza bakarra mendekotasun eta inposaketan oinarritutako harremanak berrindartzea» izango delako.

Prentsa ohar bidez erantzun zion atzo ezker abertzaleak Barcinari, Nafarroako lehendakariak herenegun egindako adierazpenen harira. Barcinak Madrilgo Nueva Economia Forum elkarteak antolatutako gosari-hitzaldian azpimarratu zuen Nafarroa dela lurralde bakarra «abertzaletasun kolonizatzailearekin». UPNko lehendakariaren arabera, abertzaletasun horren asmoa litzateke «Nafarroako erkidegoa Euskal Autonomia Erkidegoak xurgatzea». Era berean, Nafarroa «euren ideologia totalitarioa eta bateratzailea inposatu nahi dietenen aurkako eustorma bat» izan dela esan zuen.

Adierazpen horiek, ezker abertzalearen ustez, erakusten dute Yolanda Barcinak «mehatxutzat» dituela Euskal Herriko lurraldeen arteko harremanak, «herritarren borondatean oinarritu diren harreman historikoak direnak».

«Nafarroa Euskal Herriaren zatiketaren ikur bilakatu nahi dute, edo Barcinak berak esan bezala 'eustorma'», azaldu du ezker abertzaleak. Ordea, Nafarroako lehendakariari ohartarazi dio «oker» dabilela jarrera hori hartuta, «ez baita unea herritarren aurrean eustormak eraikitzeko». «Ez dadila joan Madrilera horma horiek indartzera, eta entzun dezala nafar jendartearen esana, izan ere, Madrilen lortuko duen gauza bakarra mendekotasuna eta inposaketa harremanak areagotzea izango baita», azpimarratu du.

Konponbide politikoari heldu

«Mendekotasun eta inposaketa» harreman horien bila joan beharrean, Barcinak Nafarroako gizarteari begiratu behar diola eta hura eskubide politikoekiko eta sozialekiko egiten ari den «aldarrikapenak» aintzat hartu beharko lituzkeela esan du ezker abertzaleak; alegia, gatazkaren konponbide politikoari heldu behar diola. «Gatazkaren konponbidean bere konpromisoa hartu behar du» Nafarroako lehendakariak, «baina ez lubaki batetik, baizik eta bazterketarik gabeko elkarrizketatik eta dagokion arduraz», esan du.

Lan erreformari begira ere, jarrera aldatzeko eskatu dio ezker abertzaleak Nafarroako lehendakariari, eta Espainiako neurriak ezarri beharrean, lan erreformari ezezkoa eman dion «nafarren gehiengoari» entzun diezaion eskatu dio.

Beldurrik gabe

Jarrera aldaketa hori egin dezan eskatu dio ezker abertzaleak Barcinari, ez delako «eustorma gehiago eraikitzeko unea»; «Nafarroa demokratizatzeko unea da», esan du, eta Nafarroako lehendakariari adierazi dio elkarrizketari, eztabaidari eta «finean, nafar jendartearen borondateari» beldurrik ez diola izan behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.