Ezker abertzaleak Nafarroa Bain sartzeko aukerari ezezkorik ez diola eman erran du Xanti Kirogak. Aralarri eta Eusko Alkartasunari hauteskundeetarako koalizio proposamena egin eta gero sortutako erantzunak mintzagai izan ditu ezker abertzaleko ordezkariak, Marine Pueyorekin batera, eta argitu du proposamen horren asmoa ez dela izan NaBai haustea, «nahiz eta hainbatek hori esan».
Kirogak azpimarratu du, hala ere, lehentasuna orain edukia dela, «ezkerrekoa eta abertzalea den esparrua metatzeko». «Erabat malguak gara gainontzeko kontuetan», gaineratu du ezker abertzaleko kideak.
Horren haritik, EAtik, Aralarretik eta bertze hainbat sektoretatik eduki horiei, hauteskunde programaren edukiei buruz hitz egitearen kontrako ahotsik ez dela entzun nabarmendu dute ezker abertzaleko ordezkariek, eta, noski, alderdi horiekin bilerak egin beharko dituztela akordioa lortzeko asmoz. Bilera horietan, halaber, hauteskundeetara aurkezteko tresna zehaztu beharko dutela erran dute, «logikoa baita».
Kirogak berretsi du, dena den, eztabaidaren mamia ez dela ezker abertzalea NaBain sartuko den edo ez. «Hori baino serioagoa da. UPNk, PPk eta PSNk bultzatzen duten Nafarroa eskuindarraren eta espainiarraren aurka alternatiba eraikitzea proposatzen ari gara gu». «Egungo egoera betikotu» nahi duten sektoreen urduritasunak, hain zuzen, ezker abertzalearen proposamenaren egokitasuna erakusten du, ezker abertzaleko kideen ustez.
EAJren jarrera
Azken egunotan haiekin harremanetan jarri diren hainbat eremutako pertsonen artean, bertzalde, ilusioa eta esparru ezkertiar eta abertzalea elkartzeko gogoa sumatu dituzte ezker abertzaleko kideek. «Akordio berri bat gauzatzeko oinarriak eztabaidatzeko nahia helarazi digute, bai eta iraganean izan diren ika-mikak gainditzekoa ere», erran du Kirogak.
EAJ mintzagai izan du ezker abertzaleko kideak, halaber. «Nafarroako esparru ezkertiar eta abertzaleak ez luke onartu behar EAJk erabakitzea aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko beharrezkoa den itun politika», azpimarratu du, eta erantsi du aldaketarako akordioa ez dela diskurtso baztertzaileekin bateragarria.
Aldaketa gauzatzeko asmoz, hain zuzen, elkarrizketaren aldeko apustua berretsi du Kirogak. «Aralar, EA eta ezkerrekoak eta abertzaleak diren gainontzeko eragileak batuko dituen hauteskunde esparrua sor dezakegula pentsatzen jarraitzen dugu».
Ezker abertzaleak ez du baztertzen Nafarroa Bain sartzea
Kirogak erran du, hala ere, lehentasuna edukia dela, «ezkerrekoa eta abertzalea den esparrua» osatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu