Atentatuak Madrilen / Alderdien erreakzioak

Ezker abertzaleak gaitzetsi egin ditu Madrilgo erasoak, eta ETA ez dela izan ziurtatu du

Ezker abertzaleko buruzagiek prentsaurrekoa eman berri dute, eta guztiz gaitzetsi dituzte gaur goizeko Madrilgo erasoak. Halaber, lehergailuak jarri dituena ez dela ETA izan ziurtatu dute; areago, "hipotesi gisa" ere ez dutela aintzat hartzen nabarmendu du Arnaldo Otegik. Erasoen jomuga herritar zibilak, batik bat, langileak, izan direla azpimarratu du Otegik, eta azpimarratu du, ezker abertzaleak beti gaitzetsi dituela horrelako "ekintza indiskriminatuak".

2004ko martxoaren 11
18:23
Entzun
Funtsean, goizean Arnaldo Otegik berak Donostiako Herri Irratian esandakoa berretsi dute ezker abertzaleko buruzagiek eguerdiko prentsaurrekoan."Hipotesi gisa ere ez dut aintzat hartu nahi atentatu hauek ETAk egin izanaren aukera. Lehenik eta behin, ETAk bere historian zehar beti eman duelako abisua lehergailuak jarri dituenean, eta, zantzu guztiek adierazten dutenez gaur ez da dei bakar bat ere izan", esan du Otegik Herri Irratian.

"Abisurik ez emateak esan nahiko luke biktima kopuru handi bat eragiteko asmoz egindako ekintza dela, baina, gainera, biktima kopuru handi hori herritar zibilen eta langileen artean bilatuko litzatekeela", azpimarratu du.

Erresistentzia arabiarraren aukerari dagokionez, Batasuneko buruzagiak esan du Espainiako Estatuak okupazio indarrak dituela Iraken, "eta ez da ahaztu behar Irakeko gerran ardura handia izan duela".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.