Ezker abertzaleak gaur arratsaldean aitortu du "gogobetez" hartu duela nazioarteko hainbat eragile ezagunek atzo Bruselan Europako Parlamentuan plazaratutako adierazpena. ETAri su-eten iraunkorra eta "benetan" egiaztatzeko modukoa eskatu diote gatazka konpontzeko munduko eragile ezagunek, eta Espainiako Gobernuari "behar bezalako" erantzuna emateko.
"Euskal auzia nazioarteko agendan sakonago kokatuz eta gatazkaren izaera politikoa aintzat hartuz, konponbide demokratiko sendo eta iraunkor baterako proposamena egin dute", esan du ezker abertzaleak prentsa oharrean, eta "bereziki eskertu" du haien pausoa. "Ekarpen garrantzitsua da Euskal Herrian agertoki berri baten eraikuntzan aurrera egiteko".
Besteak beste, Frederik Willem de Klerck, Albert Reynolds eta Mary Robinson gobernuburu edo presidente ohiek, eta John Hume, Betty Williams eta Desmond Tutu Bakearen Nobel saridunek sinatu dute adierazpena, eta ezker abertzaleak "soilik bide politiko eta demokratikoak erabiltzearen alde" egindako apustua goraipatu dute.
Ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria adierazpenean dio "prozesu demokratikoa" abiatu nahi duela; "euskal herritarren hitza eta erabakia izan behar ditu oinarri eta beraz, inongo indarkeriarik edota kanpo injerentzia bidegaberik gabe garatu beharko da". ETAri "prozesuarekiko konpromiso argi eta zehatzak" hartzeko eskatu berri dio.
Jaurlaritzak dio su-etenak ez duela balio, "ETAk armak uzteak baizik"
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak garrantzia kendu dio nazioarteko eragileen adierazpenari, "ez baitu ezer esaten. Su-etenak ez du balio, ETAk armak uzteak baizik. Hori da abiapuntua, ez helmuga". Haren arabera, horixe eskatzen du gaur egun "euskal gizartearen gehiengo handi-handiak".
Su-etenean zela 2006ko abenduaren 30ean ETAk Barajas Madrilgo aireportuan egindako atentatua jarri du adibidetzat Mendiak -bi lagun hil zituen ETAk-, eta halako prozesurik berriro egitea antzua dela deritzo.
Hark dio balitekeela nazioarteko eragileek "fede onez" egin izana adierazpena, "baina hemen garrantzitsuena da euskal gizarteak ETA bukatzea nahi duela eta haiek euskal gizarteari entzun beharko liokete".
Politika
Ezker abertzaleak "gogobetez" hartu du nazioarteko eragileen adierazpena
ETAri su-eten iraunkorra eta egiaztatzeko modukoa eskatu diote gatazka konpontzeko nazioarteko eragile ezagunek, eta Espainiako Gobernuari behar bezalako erantzuna emateko. Eusko Jaurlaritzaren ustez, adierazpenak "ez du ezer esaten" eta "euskal gizarteari entzun beharko liokete".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu