Politika

Ezker abertzaleak independentistek eta aurrerakoiek osatutako "gehiengo soziala artikulatu" behar dela aldarrikatu du

Estatutuek "porrot" egin dutela esan du, "eta orain EAJk eta Nafarroako eskuin espainolistak ezin dute herri honen etorkizuna hipotekatu berriro". Indar metaketa aldarrikatu du "aldaketa politikoa" lortzeko.

2008ko urriaren 25a
15:55
Entzun
Ezker abertzalearen ustez, duela hiru hamarkada Gernikako Estatutuaren eta Nafarroako Foru Hobekuntzaren bitartez "iruzurra" egin zitzaion Euskal Herriari, "Espainia egiteko eta Euskal Herria desegiteko balio" izan zutelakoan, eta orain berriro "akats bera" ezin dela errepikatu nabarmendu du. Horretararako, beharrezkoa iruditzen zaio "aldaketa politikoa", eta bide horretan independentistek eta aurrerakoiek osatutako "gehiengo soziala artikulatu" beharko litzatekeela uste du.

Donostian egin du gaur eguerdian ezker abertzaleak ekitaldia, Kursaalen -300 bat lagun elkartu dira, eta bozeramaileek agiria leitu dute hedabideen aurrean-. Garai berrien alde azaldu dira, estatutuek "porrot" egin dutelako eta "agortuta" daudelako, Tasio Erkiziak esan duenez. "EAJk, baina, interes ekonomikoengatik, haren alde egin egin zuen EAEn. Orain EAJk eta Nafarroako eskuin espainolistak ezin dute herri honen etorkizuna hipotekatu berriro. Independentista eta aurrerakoi denok ardura politikoa dugu aldaketarako dauden aukerak baliatu eta aldaketaren aldeko gehiengo soziala artikulatzeko".

Hala, autodeterminazioan eta lurraldetasunean oinarrituta, indar metaketa aldarrikatu du ezker abertzaleak. "Gure indar denak jarrita ditugu zeregin horretan, eta bide berean segituko dugu, garaipena lortu arte", adierazi du Marine Pueyok.

EAJ ez ezik, Nafarroa Bai koalizioa (Aralar, EA, EAJ, Batzarre) ere kritikatu dute, "gobernuaren balizko aldaketa, aldaketa politiko gisa saldu nahi izan duelako".

Ekitaldian izan direnek Eusko Gudariak abestu dute bukaeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.