Azaroaren 20ko huteskundeetara elkarrekin aurkezteko proposamenaren aurren EAJk agertutako jarrera "itxi eta erasokorra" salatu du gaur ohar baten bidez ezker abertzaleak eta esan du bere ustetan jeltzaleen jarrera "interes alderdikoi eta elektoralisten gailentzetik soilik" uler daitekeela.
"Euskal Herriaren gehiengoaren aldarrikapen zilegi eta demokratikoei Estatu espainiarrak ematen dien ezezko iraunkorrari ezin zaio aldebakarreko planteamendu alderdikoiekin erantzun", uste du ezker abertzaleak eta horrek herri bezala erantzutea exijitzen duela adierazi du.
Oharrean "Espainiako estatua murgilduta dagoen krisi sistema sakona" aipatzen du Kongresuak berriki egin duen Konstituzioaren erreformari erreferentzia eginez. Horren harira, Espainiak "langile klasearen eskubideak bermatzeko gaitasunik" ez duela dio eta horren aurrean "premiazkoa" dela "burujabetza ekonomiko eta politiko osoko euskal esparru bat eraikitzeko indarrak metatzea". "Demokrazia errealeko eta eskubide osoko esparru bat; ustelkeriak, interes alderdikoi eta partikularrek kutsaturiko markoa gaindituko duena eta non herritarren borondate askea izango den erabaki politiko eta ekonomikoen oinarria".
Ezker abertzalearen iritziz, UPNk eta PPk Madrilera elkarrekin aurkezteko hartutako erabakiak argi erakusten du ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak egindako proposamenak duen "balio handia".