Hauteskundeak

Ezker abertzaleak lehen egunean milaka sinadura bildu ditu hautes elkarteentzat

Hilaren 22ra arteko epea dauka. Goirizelaiak esan duenez, "sinadurak prozesuari eta hauteskunde demokratikoei 'bai' esateko dira".

2007ko apirilaren 10a
18:57
Entzun
Ezker abertzaleak ez du itxaron Espainiako Justiziak Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB) alderdia legez kanpo utziko duen edo ez jakiteko -legez kanpo uzteko eskaera egin dute Estatuko Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak-, eta gaur hasi da tokian-tokian hautes elkarteentzat sinadurak biltzen, hauek maiatzaren 27ko udal eta foru hauteskundeetan parte hartzeko. Hilaren 4an hastekoa zen kanpaina, baina ezin izan du Aste Santuengatik.

Jone Goirizelaia ezker abertzaleko buruzagiak esan duenez, "sinadurak ez dira ezker abertzalearentzat, baizik eta prozesuari eta hauteskunde demokratikoei 'bai' esateko". Lehen egunean sinatzera "milaka lagun" joan direla jakinarazi du. Gipuzkoan, baina, arazoak izan dituztela salatu du Goirizelaiak, "Foru Aldundiak ez dituelako idatzi guztiak prest", eta EAJ egin du horren errudun.

'Abertzale Sozialistak' izena hartuko dute hautagaitzek, aurretik herrialdearen edo herriaren izena jarrita. Berrehun zerrendatik gora aurkezteko asmoa dute.

Behin sinadurak bilduta, Espainiako Alderdien Legearen galbahea pasatu beharko dute hautesle elkarteek, inork inpugnatzen baditu.

Non, noiz, nola

Noiz. Epea hilaren 22an bukatuko da.

Non. Udaletxean edo notaritzan eman behar da sinadura.

Elkarte bakarrari. Hautesle elkarte bakarraren aldeko sinadura eman daiteke, hauteskunde eremu bakoitzean. Hau da, udal hauteskundeetan elkarte bakarra sostenga daiteke, eta foru hauteskundeetan beste bat.

Baldintzak. Adinez nagusia izatea, hautesle elkartea aurkezten den herrian erroldatua egotea, eta nortasun agiria edo pasaportea erakustea.

Zenbat

5.000tik behera biztanle. Erroldatuen %1en sinadurak, gutxienez. Betiere, aukeratu beharreko zinegotzi kopuruaren bikoitza, gutxienez.

5.001-10.000. 100 sinaduratik gora.

10.001-50.000. 500 sinaduratik gora.

50.001-150.000. 1.500 sinadura, gutxienez.

150.001-300.000. 3.000 sinadura, gutxienez.

300.001etik gora. 5.000 sinadura, gutxienez.

Nafarroako Parlamentua. Herrialdeko erroldatuen %1, gutxienez.

Batzar Nagusiak. Eskualde bakoitzean erroldatuen %1, gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.