Ekitaldi politiko erraldoia antolatu du ezker abertzaleak hilaren 31rako, Barakaldon (Bizkaia) BECen; hamar mila lagun pasa bildu nahi ditu bertan. Maiatzaren 27ko udal eta foru hauteskundeei begirako ekitaldia izango da, eta hantxe ekingo dio hautes kanpainari ezker abertzaleak. Hala esan dute gaur Iruñean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako ezker abertzaleko 50 bat kidek, Badator udaberria, badator Euskal Herri berria leloa zeukan agerraldian, eta hauteskundeetako programaren proposamena aurkeztuko dute BECen.
Ezker abertzalea zer izenekin eta nola aurkeztuko den ez dute jakinarazi (apirilaren 18an zabalduko da hautagaitzak ofizialki aurkezteko epea; sei egunekoa) baina "ziurtzat" jo dute hauteskundeetan egongo direla. Egungo legez kanporatzea amaitzeko “aukera paregabea” dagoela esan du Maribi Ugarteburu bozeramaileak. "Utz daitezela prozesua edo hauteskundeak torpedeatzeko asmoak bazterrean behin betiko. Hori da gure eskaria. Zabal diezaizkiotela ateak beldurrik gabe prozesua oinarri sendoen gainean eraikitzeko ahaleginari, hauteskundeak demokratikoak izateko ahaleginari".
Ezkertiar eta abertzaleei Barakaldoko ekitaldira joateko dei egin diete gaur Iruñean bildutakoek. Han izan dira Ugarteburuz gain, besteak beste, Patxi Urrutia, Marije Fullaondo, Pablo Gorostiaga, Karmele Aierbe, Inazio Agirre, Arantxa Urkaregi, Jaime Iribarren, Antton Izagirre, Periko Solabarria, Xabier Zubizarreta, Alfonso Etxeberria, Jose Ramon Etxebarria, Ane Agirregomezkorta eta Julen Aginako.
Hauteskundeak
Ezker abertzaleak martxoaren 31n abiatuko du hautes kanpaina, BECen
Ekitaldi erraldoia antolatu dute hauteskundeetako proposamena aurkezteko, eta ezkertiar eta abertzaleei bertan izateko dei egin diete gaur 50 bat kidek. "Ziurtzat" jo dute udal eta foru bozetan egongo direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu