Ezker abertzaleak Nafarroan eremu ezkertiar eta abertzalea artikulatu behar dela esan du gaur Iruñean egindako agerraldian, eta horretarako kontaktuak izan dituela hainbat eragile, sindikatu eta alderdi politikoekin. "Nafarroako aldaketa politiko eta soziala beharrezkoa" dela azpimarratu du Santi Kirogak.
Ezker abertzaleak EA, Aralar, ELA, LAB, EHNE, ESK, EILAS, Hiru eta beste zenbait gizarte eragileri dei egin die "aldaketa politikoa bideratzeko zintzotasunez, gardentasunez eta arduraz aritzeko", eta "azken 30 urteetan sektore herritarren borroken fruituak" bil ditzaten.
Horren denaren protagonistak herritarrak izan behar direla ohartarazi du Kirogak, eta alderdikeriak alde batera utzi behar direla. Ezker abertzalearen esanetan, Nafarroan eremu ezkertiar eta abertzalea eratzeko beldurra du UPNk, eta honek "NaBairen Batasunizazioa" bezalako kontzeptuak erabiltzen ditu "gizarte eskaria zikintzeko".
Aurreko larunbatean euskararen alde Iruñean egindako manifestazioko parte-hartze handiak "nafar gehienen sentimendua" islatzen duela iritzi dio, eta sektore euskaldun eta euskaltzaleak "oso aktibo garrantzitsua" izan daitezkeela "konfrontazio politikoaren fase berrirako".
Politika
Ezker abertzaleak Nafarroako eremu ezkertiar eta abertzalea artikulatzeko deia egin du
EA, Aralar, ELA, LAB, EHNE, ESK, EILAS, Hiru eta beste zenbait gizarte eragilerekin harremanak ditu "aldaketa politikoa bideratzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu